Zaher ISB 65 – 52 Arrasate

img

Enaitzen mutilek, Ointxeren aurka, sufrimendu askorik gabeko garaipen berri bat eskuratu zuten. Arrasatekoak baja askorekin iritsi ziren neurketara eta azkenerako igarri egin zuten garaipenaren bila joaterako orduan.

Zaherrek oso gogor ekin zion neurketari defentsako lanean eta Ointxekoen erasoa guztiz blokeatu zuen, arrasatearrek zelai erdira iristeko ere arazoak eduki zituztelarik. Presioa bikain landua egon zen, pase marrak ere ondo zainduak eta erreboteko lana zer esanik ez. Erasoan gauzak ondo landu eta aukerarik onena topatu arren efikaziari dagokionez ez ziren horren fin ibili. Hala ere, oro har esan daiteke taldeak hasiera batean planteatutako guztia jarri zuela mahai gainean eta ondo burutu zuela gainera. 16 eta 5 lehen laurdenaren amaieran.

Bigarren laurdenean ez ziren gauzak gehiegi aldatu. Defentsan lanak bikaina izaten jarraitu zuen, nahiz eta erasoan taldeak korrika egiteari utzi zion. Arrasatekoek etxekoen kontraerasoak moztea lortu zuten eta Zaherrekoei estatikoan jokatzera behartu zituzten. Baloia motelegi mugitu zuten eta horrek ez zien Iraurgikoei inolako abantailarik sortzeko aukerarik eman. Bat baten kontrako gehiegi eta talde joko gutxi. Moreek lanari saria jaso zuten eta laurdena euren aldekoa izan zen: 11 eta 12.

Atsedenaldia eta gero bi taldeek saskiratzeak trukatzeari ekin zioten. Iraurgik hasierako minutuetako jokoa berreskuratu zuen eta korrika egiteko aukerarik ez zuen galdu. Oso eroso sentitu zen taldea eta horrek saskirako efikazia hobea ekarri zuen. Arrasatek ondo eutsi zion laurdeneko hasierako minutuetan, baina fisikoa jaisten joan ahala kontrarioaren indarrari ezin aurre egin gelditu zen. 24 eta 16 neurketa ixteko bidean zirudien Zaherrentzat.

Azken laurdenean abantaila handitzen joan zen 21ekoa izatera iritsi arte,baina orduan iritsi zen Zaherrek lehen itzuli honetan erakutsi duen defizitetako bat: erlaxamendua. Ointxek hortzak estutu zituen eta minutu askoan neurketaren jabe egin zen. Moreak gora etorri ziren eta kalitate indibidual handia erakutsi zuten. Merezita irabazi zuten laurdena, 14 eta 19.

Orokorrean Enaitz gustura gelditu zen taldeak egindako lanarekin. Jokalari guztiek eman zioten zerbait positiboa taldeari, guztiek egin baitzuten lan taldearentzat. Edukitako erlaxazioa kenduta, sentsazioak positiboak izan ziren. Zaherrek lehen itzulia 3 garaipen eta 4 porrotekin amaitu du eta ederki daki bigarren itzulian balantze hori hobetu dezakeela.

Datorren astean taldeak Durangora bidaiatuko du Tabirakoren aurka jokatzeko. Garaipena lortzeko kantxa zaila, baina jokalariek badakite irabaziz gero, bigarren fasean titulua eskuratzeko lehian sartuko direla.

Zaherrek animo mezu bat bidali nahi dio Arrasateko jokalari Mikel Mugikari (gure jokalarien selekzio kide), izan ere trafiko istripua izan zuen eta ezin kantxara salto egin egongo da denbora batez. Horregatik lehenbailehen sendatzea opa diote kantxan ahalik eta azkarren ikusi nahi dutelako.

Egurre Zaher!!!!!