Gerdau, beste lider sendo bat

img

Euskal Ligako nesken kadete mailan Xubiren neskek jarraitzen dute talde garaiezin moduan. Larunbatean euren zazpigarren garaipena batu zuten, estutasun gehiegirik gabe.

Gerdauk lehiaketako agintari izaten jarraitzen du eta Arabak momentu hauetan sasoi onenean dagoen taldearen indarra sufritu behar izan zuen. Gasteizera bidaiak beti izan ohi dira zail xamarrak, baina oraingo honetan etxekoek ez zuten erresistentzia gehiegirik jarri eta atsedenaldirako neurketa erabakita zegoen.

Nahiz eta taldeari kosta egin zitzaion lanean hastea, eta zortzigarren minutura 7 eta 6ko emaitza kaxkarrarekin iritsi, lehen laurdeneko azken bi minutuetan jokoaren gidaritza hartu eta kontrarioak ezerezean utzi zituen. 0 eta 7ko partziala, laurdena 7 eta 13 amaitzeko.

Bigarren laurdenean eta jada motorra martxan jarrita, Iraurgiko neskek errepasoa eman zieten etxekoei. Defentsan erakutsitako intentsitatea horren handia izan zen, arabarrek ia ezin izan zutela euren zelaitik pasa ere egin. Gerdauk, mota guztietako saskiratze errazak lortu zituen, baloiak behin eta berriz lapurtu zituelako. 5 eta 23ko partziala dena esaten du.

Atsedenaldia eta gero, Arabak kanpokoen defentsan egondakoa intentsitate jaitsiera aprobetxatu zuen poz pixka bat emango zion hiru saskiratze jarraian lortzeko. Baina ilusio hutsala izan zen, Gerdauk erritmoa eta bigarren laurdeneko defentsa lana berreskuratu zuen etxekoen erreakzio posible oro zapuzteko. 12 eta 22ko partziala.

Azken laurdenak ez zuen historia gehiegirik eduki. Gerdauk nagusitasunez agintzen jarraitu zuen eta 8 eta 17ko partziala eginda amaitu zituen azken hamar minutu hauek.

Larunbatean agerian gelditu zen gaur gaurkoz Gerdauk eta Arabak bi liga ezberdinetan jokatzen dutela. Datorren larunbatean aurkari Basketcountry.es izango da, Azpeitiko kiroldegian, 16:15tan.