Gorantz datorren taldea

img

Embutidos Pajariel sasoi betean dagoen taldea da gaur egun eta erreginaren Kopa jokatzeko aukera sendo moduan agertzen hasia da. Leonekoak Gernika-Bizkaiari ongi garaitzetik helduko dira Añares Rioja ISBren aurkako lehiara.

Iraurgikoentzat neurketa errazik ez dagoela argi dago, baina datorren igandean, 18:00tan, Azpeitiko kiroldegian, izango duten norgehiagoka goi mailakoa izango da. Bembibre oso emaitza onak eskuratzen ari da lehen itzuli honetan eta horren erakusle garbiena da Gernikaren aurka lortutako garaipena. Bizkaitarrek ezin izan zuten gauza handirik egin kontrarioak egindako defentsa eta talde lanaren aurka. Leondarrek partida ia perfektua egin zuten.

Embutidos Pajariel ligako ezustekoa dela esan daiteke. Lehen begi-kolpean, multzoa ikusita, ez du ematen sailkapenaren goi aldean ibiltzeko moduko taldea denik, baina ematen ari den errendimendua ezin daiteke hobea izan. Chiqui Barrosek bere jokalariengan sufrimendu espiritu itzela barneratzen jakiz izan du, goi mailako taldeetan, askotan, ohikoa ez den gauza bat.

Beraien bertute nagusia defentsa da eta jokalariek hortzak estutzeko duten gaitasuna atzeko lanean. Baloiaren aurkako 1x1ekoan oso intentsuak, pase marrak zaintzeko tentsio osoz jokatzen dutenak, eta entrenatzaile orok nahi duen eta oso gutxik lortzen duten errebotera joateko guztien nahia. Honez gain, partiduz partidu erakutsi dute konstanteak direla euren lanean, berdin zaiela askogatik irabazten joan eta markagailuan atzetik ibili, taldeak berdin jarraitzen duela lanean, desirarekin eta hori goraipatzekoa da.

Erasoan ere, gauzak txukun egiten ari da Bembibre. Logikoa denez, defentsa oinarritzat duten taldeen modura, erasoan ez dute puntu askotara jokatzen eta beti pazientziaz baliatuta jaurtiketa onenaren bila ibiltzen dira. Barrosek argi dauka erasoan gauza positiboak lortzeko baloiaren mugimendu ona ezinbestekoa dela. Fantasiazko paseek ez dute existitzen, beti exijitzen direlako ahalik eta akats gutxien egitea, eta horretarako jokalarien kontzentrazioak maila gorenekoa behar du izan. Korrika egiteari ez diote uko egiten, jokoaren ezaugarri hau ondo burutu baitezakete errebotean erakusten duten nagusitasuna medio, nahiz eta ez den beraien bertute nagusietako bat. Berez, agian, joko azkarra izan daiteke duten puntu flakoetako bat, baten bat baldin badaukate behintzat.

Esther Montenegro (1’88 m) da duda gabe beraien erreferentzia erasoan. Kanariar/leondar pibotak bere bederatzigarren denboraldia darama taldean eta elitera “berandu” iritsita ere jokalari garrantzitsuen artean lekutxoa egitea posible dela erakutsi du. Langile borrokatua, liderra da kantxa gainean, bizkarrez jokatuta eta uztaira begira min egin dezakeena, erreboteko borrokara joanez beti. Orain arte, 14’5 puntu eta 8 errebote eskuratu ditu kantxa gainean bataz beste ematen dituen 32 minututan.

O’Reily (1’82 m) hegaleko irlandarra ari da izaten bigarren erreferentzia nagusia. Jaurtitzaile bikaina eta barrura sartzen ere ondo dakiena, defentsan gogor jokatzen du, ez da ikusgarria baina bai oso konstantea. Bere zenbakiak: 8’9 puntu eta 3’6 errebote partidako.

Baina jokalari bat nabarmendu beharra badago, hori duda gabe, Anna Gomez (1’78 m) joko antolatzailea da. Valentziarra da kantxan denbora gehien pasatzen duena (35 minutu bataz beste) eta taldeko burmuina da, bere taldekideak bikaina gidatzen dituelarik erasoko lanean. Benetan langilea eta joko ikusmen bikainekoa, partidako ematen dituen 4’4 asistentziek dioten moduan. Gainera, taldeko bigarren errebotazaile onena da!!! Barrosek konfiantza guztia dauka berarengan jarria eta arratsalde txar bat edukitzea izan daiteke ISBrentzat notiziarik onenetakoa.

Añares Riojak gustuko duen partida horietako bati egin beharko dio aurre. Talde gogorra eta nekagaitza, defentsako lanean fede itsua duena. Gure taldearen antzeko perfila. Partidako gakoa gure neskek erakutsi dezaketen sufritzeko gaitasunean egon daiteke eta azken bi astetako taldea ikusten badugu, neurketa interesgarri baten aurrean egongo gara.

Neurketa gogorra izango da, Iraurgiko zaleek gustura ikusten duten horietakoa. Taldeak harmailetako laguntza beharko du, baloia airera jaurtitzen den momentutik.

Guztien artean lortu behar dugu igande hau klubaren historiarako eguna izatea: 2015/11/15, Añares Rioja ISBk emakumezkoen saskibaloi elitean bere lehen garaipena lortzen duenekoa.

Egurre Neskak!!!!