Aurrera begira jarri behar

img

Guztiz desitxuratutako Txikerra batek ezin izan zuen Zarautz handi baten aurka. Gure kontrarioak gainetik pasa zitzaizkigun, batez ere azken laurdenean. Partidaren bila joan behar zenean, taldeak ezkutatzea nahiago izan zuen eta ez zuen aurpegirik eman.

AITZAKIAK:

Joseba eta Jakes min hartuta zeudela joan ginen partidara eta jokatu ahal izango zuten zalantza handiekin. Jakesek jokatu ahal izan zuen eta Josebak oinean duen baba erraldoiak berotze ariketak bakarrik egitea utzi zion.

Azterketa astea, horrek ekartzen duenarekin. Entrenamenduetan hutsune asko eta guztiek batera entrenatu ahal izan ditugun 60 minutuetan jarrera txikia.

Antonianotan jokatu genuen, kantxa benetan zaila, etxekoek bikain ustiatzen dakitena. Gainera jarraitzaileek sortzen duten presioak (taldea harmailetara begira gehiago egon zen, gauzak ondo egitera baino) eragina izan zuen guregan.

Epailearen lan axolagabea. Fondoetara bi aldiz bakarrik gerturatu zen eta zelai erditik periskopioa aterata justizia ezartzeko. Infantiletan arbitratzea “marroi” bat da eta are gehiago bisitariek neurketa txarra jokatzen dutenean.

ERREALITATEAK:

Noski bi jokalari garrantzitsuren molestiek eragina izan zutela guregan, baina kontutan hartu behar dugu taldea 10 jokalarik osatzen dugula eta horrelako gauzak gertatzen direnean (eta denboraldian zehar hainbatetan gertatuko zaigu), beste jokalariek aurrerapauso bat eman beharra daukate. Larunbatean batzuek ahalegindu ziren, nahiz eta lortu ez, baina beste batzuek ez zuten aurpegirik eman nahi izan.

Noski azterketek nolabaiteko gogo falta handia sorrarazten dutela jokalariengan, baina argi dago baita ere, batera lan egin izan dugun 60 minutuetan jarrera ez zela izan behar zena. 20 minutu galtzea marrak egiten jokalariek buru entrenamenduan jar dezaten onartezina da. Jarrera arazoa, ez gaitasun arazoa.

Ikasberrin eta Azpeitiko kiroldegian entrenatzen dugu, Azkoitian jokatzen dugu…, guretzat Antonianotan jokatzeak ez luke handicap bat suposatu behar. Kantxa desberdin asko ezagutzen ditugu eta hau aitzakia moduan jartzeak ez dauka ez hankarik ez eta bururik. Presioa? Ongi etorria izan dadila, neurketa guztietan presente egon beharko luke-eta. Ez dago saskibaloian jokatzeko (eta irabazteko) modu hoberik. Gehiago iraurgi bezalako klub batentzat, gorputz eta arima aritze eta karakterra banderatzat baitauzka.

Epailearen lana ez zen ez ona ez txarra izan, ez zuen garrantzirik eduki azken emaitzan. Epailearen laguntzaren bila bagabiltza, ez gabiltza ondo. Garaipenak gure lanarekin bilatu behar ditugu. Guztia perfektu egiten dugunean, orduan eta orduan bakarrik, esan ahal izango dugu epailearen lanak lagundu egin digula edota kalte egin digula. Nire jokalariak gonbidatu nahi ditut mini mailako partida bat arbitratzera joan daitezen, orduan jakingo baitute zer nolako zaila den lan hori.

DELIBERAMENDUAK:

Lana + anbizioa + umiltasuna + zortea = GARAIPENA (eta ez beti)

Lanik eza + jarrera txikia + kulpa beti besteena da = PORROTA (BETI)

Iragana, iragana da eta Zarautzeko neurketari buelta gehiago ematerik ez du merezi. Irakurketa positiboa atera behar dugu: Iraurgi izan ez arren, 8gatik bakarrik galdu genuela. Datorren astean Ointxe izango dugu bisitari Azkoitian (larunbata, 09:30tan), neurketa gogorra ezbairik gabe.

Taldeak berriz bide egokia hartzen badu eta batez ere behar duen moduan lan egiten badu, datorren larunbateko neurketak gure onera bueltatzeko balioko digu. Atzo ez genuen gaizki entrenatu.

Egurre Txikerra!!!!!

Zast 55 – 47 Txikerra

PARTZIALAK: 12-14 / 15-12 (27-26) / 11-15 / 17-6

SASKIRATZAILEAK: Javi (5), Jon, Xabi, Eneko, Ander (16), Markel, Manex (16), Jakes (6), Elias (4)