Helburutik gertuagoa

img

Zaherrek tabirako ko kantxa zailean garaipena eramatea lortu zuen. Aldeko 57 eta 67ak A-1etik gertuago jartzen gaitu. Baina taldeak hazten jarraitu beharra dauka, seigarren den Tabirakori bi garaipeneko aldea ateratzeak ematen duen lasaitasuna aprobetxatuz. Orain, larunbatean emandako itxura onari jarraipena ematea behar du izan hurrengo helburu.

Enaitzen mutilek ez zuten huts egin. Emaitza ona behar zutela jakinda, denboraldiko partidarik onenetako jokatzeko kapaz izan ziren. Hasieratik taldea alai irten zen kantxara eta partidari erritmoa ezartzeko aukerari ez zion muzin egin, ez erasoan ezta defentsan ere. Uztaira begira efikazia ez zen onena izan, baina bai erasoko errebotera joateko joera eta bigarren aukerak edukitzea erabakigarria izan zen laurdena 15 eta 22 irabazteko. Imanolen lana ikaragarria izan zen zona barruan.

Zaherrek defentsa lanean erakutsitako oldarkortasunak jarraitu zuen izaten jokoa kontrolpean edukitzeko bidea, baina falta pertsonalak eragina izaten hasi ziren. Beraz, taldeak laguntza lanetan eta errebotea zaintzen jarri zuen begi puntua. Tabirako partidaren jabe egiten hasi zen, erasoan ere min gehiago egiten zutela ikusita eta 16 eta 15eko partzialarekin amaitu zuten bigarren laurden hau. Gureen eraginkortasuna erasoan ez zen nahikoa izan neurketa apurtzeko.

Atsedenaldia eta gero, saskibaloi zaleek gustuko duten saskiratze trukaketa batean bihurtu zen partida. Gure mutilek ondo defendatu zuten eta kontrarioaren jaurtiketak ahalik eta zailenak izan zitezen ahalegindu ziren. Desoreka horrek lagundu zion Iraurgikoei partzialean garaile irteten eta laurdena 11ko aldearekin amaitzen. Josu Merinok azken segundotan sartutako hiruko batek ukituta utzi zuen etxeko taldea.

Zaherren bertsiorik onena baina, azken laurdeneko lehen lau minutuetan iritsi zen. Defentsan ezin hobeto eta erasoan ere erraz saskiratzen, 21eko zuloa zabaltzera iritsi ziren. Hortik aurrera indarrak gordetzeari ekin zion taldeak, beti ere garaipena ziurtatuz. 57 eta 67ko honek mailari eutsi eta tituluaren borrokatik gertuago uzten gaitu.

Enaitz eta Julen oso gustura agertu ziren jokalariek Durangon erakutsitako jarrerarekin. Sentsazio positiboekin bueltatu ziren etxera eta pozik taldeak lehiaketan aurrerapauso bat eman zuelako.

Ierai azpitarteren lana goraipatzekoa da, ikusgarri erasoan (5 hirukorekin) eta oso aktibo defentsa lanean. Neurketa osoa egin zuela esan daiteke.

Larunbatean, eguerdiko 13:00tan, Zaherrek titulurako hautagai nagusietako bat den Baskonia hartuko du Azkoitian. Neurketa hau hobetzen jarraitzeko proba bikaina izan daiteke.