Errotaundi ISBren garaipena etxetik kanpo

img

Errotaundik 67 eta 70 irabazi zion Bosteko talde donostiarrari.

Lehen laurdenaren hasiera kaxkarra izan zen gure taldearentzat. Lehen saskiratzea lortzea lau minutu kosta zitzaion, baina jokalariek egindako defentsa onari esker Bostekok ere ez zuen saskiratze errazik lortu. Modu honetara, zortzi minutu pasata, 6 eta 5eko emaitza bakarrik erakusten zuen markagailuak. Hortik aurrera bi taldeak animatzen hasi ziren erasoan, batez ere hiruko jaurtiketei esker eta laurdena, 14 eta 17 amaitu zen.

Bigarren laurdenean taldeak defentsa lanean gogor jarraitu zuen eta kanpotik asmatzen hastearekin bat Errotaundi ISBk alde egin zuen markagailuan. 10 puntuko aldea zabaltzera iritsi zen, baina defentsa gogorrak falta asko egitea eragin zuen eta horri esker etxekoek jaurtiketa libre asko jaurti ahal izan zituzten. Hala ere, atsedenaldian 30 eta 39 irabazten zuten Iraurgikoek.

Hirugarren laurdenean ez ziren gauza gehiegi aldatu. Errotaundik faltez josia jarraitzen zuen eta Bostekok bere puntuen erdiak 5’8 metroko marratik eskuratu zituen. Baina, pazientzia lagun, baloia ondo mugituta erasoan, aldea zabaltzea lortu zuten bisitariek.

Azken laurdena izan zen Errotaundi ISBkoen txarrena. Erasoan baloia ondo mugitzeko arazoak izan zituzten eta Bosteko gerturatzen joan zen gutxika. Modu honetara, 34 segundoren faltan puntu bakarreko aldea zeukaten Iraurgikoek. Hutsartea eskatu eta jokaldia bikain eginda 3ra igo zuten abantaila hori. Bostekok huts egin zuen bere aukera eta falta eginez jaurtiketa libreen marrara bidali zuten kontrarioa. Errotaundi ISBk bi jaurtiketak huts egin zituen baina falta egin zuen segituan kontrarioen hirukoa ekiditeko. Donostiarrek bi jaurtiketak huts egin zituzten baita eta azkenean Iraurgikoen poltsikoan gelditu zen garaipena: 67 eta 70.

Hurrengo partida Azpeitian jokatuko dute Astigarragako Mundarro-La Salleren aurka.