Errotaundi ISBren garaipena La Salleren aurka

img
Amets Amubieta

Etxean lortu du garaipen berri bat Errotaundi ISBk eta bigarrena da sailkapenean.

Aurreko astean etxetik kanpo garaipena lortu eta gero Errotaundi ISBk Autonomika mailatik jaitsi berria den Astigarragako Mundarro La Salle taldea hartu zuen Azpeitian.

Horizkoek hobeto hasi zuten partida eta abantaila txikiak hartu zituzten markagailuan, gure defentsaren hutsak aprobetxatu eta saskiratze errazak lortuta. Baina etxekoek defentsa sendotzeaz eta baloia hobeto mugitzen hasteaz bat, neurketak buelta eman zuen eta 20 eta 17 amaitu zen lehen laurdena.

Bigarren laurdena lehenaren antzera hasi zen, kanpotarren domeinuarekin, eta lau minutuan berriz ziren aurretik bisitariak. Baina Errotaundik bikain erreakzionatu zuen, 10 eta 0ko partziala eginda hain zuzen ere, markagailuan aurretik jarri eta horrela iraungo zuten neurketa amaiera arte. Baloia ondo mugituta eta jaurtiketetan asmatuz, 37 eta 30ekoarekin joan ziren atsedenaldira.

Atsedenaldiaren ondoren, etxekoek markagailuari eustea bakarrik ez, abantaila handitzea ere lortu zuten eta 20 puntuko aldea izatera iritsi ziren. Azken segundotan hiruko bat sartuta baina, kanpokoek azken 71 eta 58an utzi zuten markagailua. Garaipen oso garrantzitsua taldearentzat, bigarren postua mantentzea ahalbidetzen diolako batetik eta ustez talde on baten aurka sentsazio positiboak eskuratu zituelako bestetik.

Datorren astean Errotaundi ISBk ARRI BKL liderrari egingo dio bisita, larunbatean, 18:00tan, Beasainen. Garaipen batek, sekulako aurrerapausoa ematea suposatuko luke.