Zaher ISB 59 – 65 Fundación 5+11

img

Enaitzen mutilek aurpegia eman zuten Baskonia ahalguztidunaren aurka. Sailkapeneko liderrak azken unera arte egin behar izan zuen lan garaipena lortzeko. Zaherrekoen lehen bi laurdenak ikaragarriak izan ziren.

Nahiz eta Shyam bezalako jokalari baten baja garrantzitsuarekin jokatu behar izan zuten, kadeteek motibazioz gainezka eta kontzentrazio maila oso altuarekin hasi zuten partida. Taldeak neurketa borobila jokatu beharra zeukala jakinda eta sinetsita, defentsa lan ikaragarria egin zuen. Lehen laurdeneko karakteristika nagusia izan zen, Baskoniak ezin izan ziolako neurri hartu norgehiagokari. Gure jokalariak jaun eta jabe ziren, zortzigarren minutuko 20 eta 9ko emaitzak erakusten duen moduan. Zaherrek korrika egin eta saskiratzeak erraztasunaz lortu zituen, baina azken bi minutuetan, markagailuko aldea ikusita edo, kontzentrazioa galdu, hutsak egiten hasi eta gasteiztarrak nola gerturatu ziren ikusi behar izan zuten. 22 eta 16 gure mutilen alde, baina liderra jokatzen hasia zen.

Partida asko parekatu zen bigarren laurdenean. Defentsan gogor biak arautegiaren limitean ibili ziren. Kontaktu ugari eta borroka gogorra erreboteko lanean, hustuta uzten zaituen horietako laurdena. Erasoan, lasaitasunez ibili ziren. Bi taldeek pazientziarekin mugitu nahi izan zuten baloia, askotan korrika egiteko aukerari ere muzin eginez. Baskoniak markatu zuen erritmoa eta Zaherrek eutsi egin zion, laurden amaierara oso-osorik iristeko. Azken huts batek bakarrik eragin zuen laurdena galtzea, 15 eta 17, baina Iraurgikoak 4 gora joan ziren aldageletara.

Atsedenaldiaren ondoren arabarrek neurketaren kontrola hartu zuten. Erasoan pazientziarekin jokatzen jarraitu zuten eta euren jaurtiketei etekina atera zieten. Defentsan berriz zonakako jokoa ezarri zuten, etxekoen erasoa blokeatuz. Jaurtiketa aukeraketa txarra egin zuten Zaherrekoek eta egoerari buelta ematen ez zuten asmatu. Defentsan ondo egin zuten lan baina errebotearekin arazoak eduki zituzten eta Baskoniak ondo aprobetxatu zituen bigarren aukerak. 11 eta 18ko partziala kanpotarrentzat. Neurketari buelta ematen jakin zuten gasteiztarrek eta markagailuan aurretik ziren jada (48-51).

Baskoniak ihes egin zuen markagailuan azken laurdena hasi bezain pronto eta 10 puntuko aldea hartu zuen, Zaherrek besoak jaitsi zituela eman zuelarik. Baina taldeak heldutasun ikaragarria erakutsi zuen eta hortzak estuturik, kantxan bere lekua berreskuratzea lortu zuen eta baita markagailuan gerturatzea ere. Minutu baten faltan etxekoak 5 puntura jarri ziren, baina hor amaitu zen guztia. Baskoniak liderra zergatik den erakutsi zuen eta ondo landutako garaipen batekin joan zen etxera: 59 eta 65.

Zaherrek hazten jarraitzen du lehiaketan. Nahiz eta aspektu askotan liderra baino gutxiago direla jakin, garesti saldu zuten garaipena. Orain, lehenbailehen bosgarren postua lotzeak behar du helburua eta horretarako garrantzitsua izan liteke datorren astean Tolosan garaipena lortzea.

Egurre Zaher!!!!!