Txikerra ISBk erraz garaitu zuen Ointxe

img

Zarautzen jokatutako partida txarraren ondoren errendimendu mailako infantilak garaipenaren bidera bueltatu ziren Ointxeren aurka (77-28). Partida oso serioa eta talde guztiak jarrera bikainarekin jokaturikoa.

Taldea kantxara gauzak positiboak batzen joateko gogo biziz irten zen eta lortu zuen. Defentsa lanean sekulako kontzentrazioa erakutsita eta erasoan korrika eginez, Txikerrak lehen baloi jabetzatik lortu zuen partidaren jabetza bereganatzea. Errasti izan zen Ointxeren jokalarietatik saskiratzeak lortu zituen bakarra, baina berari esker Arrasatekoak markagailuan nahiko gertu mantendu ziren lehen laurdenean. 13 eta 7 Iraurgiren alde.

Bigarren laurdenean gure jokalariek martxa bat gehiago jarri zuten eta egundoko erritmoa ezarri zioten partidari. Defentsan egindako lan bikainak kontrarioen hutsak eragin zituen, eta huts horiek gogor zigortu zituzten granateek. Ointxekoen bigarren unitateak nolabait baretu zuen ekaitza, baina neurketak nola alde egiten zion ikusi besterik ezin izan zuten egin. 24 eta 7ko partziala eta 23 gora atsedenaldira.

Aldageletatik bueltan gauzak ez ziren aldatu. Taldeak defentsan lanean ondo jarraitu zuen eta aldeak gorantz egin zuen. 8 eta 0ko partzial berri batek aldea 30 puntuetara eraman zuen. Arrasatekoak ezin izan ziren eroso egon ezta segundo bakar batean ere eta azkar jaitsi zituzten besoak. Txikerrarentzat partzial berri bat: 29 eta 6.

Azken laurdenean bai talde batek eta baita besteak ere minutuak pasatzera jokatu zuten. Gure jokalariek bakarkako joko gehiago bilatu zuten taldeko lana baino eta defentsan ere erlaxatuago ibili ziren. Ointxek hala ere ez zuen aprobetxatzen jakin intentsitate jaitsiera hori eta azken laurdenean ere galtzaile irten zen:11 eta 8.

Hurrengo erronkari aurre egiteko egoera onena uzten gaituen garaipena. Larunbatean 16:00tan Yoldi bisitatuko dugu txapelketako lider sendoaren aurka jokatzeko, Easo Adarraren aurka hain zuzen ere. Baina helburuak ez du liderra garaitzea izan behar, txikerra ez baitago oraindik taktikoki horretarako prest. Hori bai, lehiakor izaten saiatu behar du taldeak 40 minututan, azken baloi jabetzetara aukerekin iristeko.

Batek jakin, infantilekin inork ez daki zer gerta daitekeen eta egun on bat badaukagu… zergatik ez?

Jarrai dezagun lanean.

Saskiratzaileak: Javi (3), Jon (4), Xabi (6), Eneko (5), Ander (9), Markel, Joseba (16), Manex (15), Jakes (13), Elías (6)