Ligako hirugarrena Azpeitian bisitari

img

Conquero Huelva Wageneko andaluziarrak ostiralean 20:30tan Azpeitiko kiroldegian izango dira bisitari. Bere helburua argia: hirugarren postuan finkatuko duen garaipen bat lortzea. Añares Rioja ISB horrela izan ez dadin ahaleginduko da. Ostirala aurrenekoa lortzeko egun on bat izan daiteke.

Iaz hirugarren postu bikaina batean amaitu eta gero, aurten Conquerok ilusioaz egin zion aurre postu hori gutxienez errepikatzeko erronkari. Gabriel Carrascok iaz barruko jokoan izan zituen arazoak jakinda, postu horiek ondo indartu ditu eta kanpoko jokoan zituen jokalari apartak mantentzea lortu du gainera; Maria Asurmendik (1’67 m) nafarra, Maria Pinak (1’89 m) eta Itziar Gemanek (1’85 m) taldean jarraitzen dute.

Barruko jokorako egin dituzten bi fitxaketak zer esana ematen ari dira lehen itzuli hauetan. Horietako bat adibidez, ligako errebotatzaile nagusiena da eta baita lehiaketako jokalari baloratuena ere.

Talia Cadwell kaliforniarrak (1’88 m) Grezian jokatu zuen pasa den denboraldian eta 19’6 puntu eta 13’2 errebote eskuratu zituen bataz beste. Bai Gabrielek eta baita zuzendaritza kidekoek argi izan zuten euren proiekturako jokalari perfektua zela eta ez zuten fitxatzeko dudarik izan. Cadwell errebotearen erregina bihurtu da lehiaketan, joko fazeta horretan oso iaioak diren jokalarien aurretik. 30’5 minutu kantxa gainean, 14’3 puntu (%60 biko jaurtiketetan) eta 10’4 errebote bataz beste, 20ko balorazioa lortzeraino partidako, horiek dira zenbaki puskak. Distantzia motzetan geldiezina eta erreboterako gaitasun sinestezina duen jokalaria.

Haley Peters (1’91 m) da barruko jokorako egin duten bigarren fitxaketa garrantzitsua. Amerikarrak Ferrolen jokatu zuen iaz eta galiziarren erreferentzia nagusietako bat izan zen. Cadwell bere taldekidea baino ikusgarritasun gutxiago ematen badu ere, aulkitik irtenda sekulako zenbakiak lortzen ari da. Erreboteko posizioa hartzen maisua, bigarren aukerak izaten dira bere iturri nagusia. Bizkarrez jokatzen ondo mugitzen baldin bada ere, 1x1ekoa bilatzea gustuko du eta hiruko marratik ere badauka eskumutur fina. Kantxan ematen dituen 27 minutuetan 13’9 puntu (%54a biko jaurtiketetan), 5’6 errebote eta 10’2ko balorazioa lortzen ari da partidako.

Texasen jaiotako Elonu (1’83 m) da andaluziarren saskiratzaile nagusia. Iaz iritsi zen Huelvara Burgosetik eta taldeko izarra bihurtu zen segituan. Txapelketan jokalari garrantzitsuenetako bat dela argi uzten dute bere zenbakiek: 29 minutuan, 15’6 puntu (%59’7 biko jaurtiketetan) eta 17’6ko balorazioa. Arratsalde txarrak oso gutxitan izaten dituen horietakoa.

Lucila Pascua (1’96 m) jokalari internazionala da horrenbeste beldur ematen duen barruko joko honen laugarren jokalaria. Kataluniarrak dagoeneko ez dauka bere taldekideek duten protagonismoa, baina kalitatea eta talentua erregalatzeko dauka oraindik ere.

Kanpoko jokoan Maria Pinak (1’89) jarraitzen du izaten lehen erreferentzia. Valentziako jokalariak urteak daramatza lehen mailan lehiatzen eta estatuko jokalari onenetakoa da. Barneraketak bilatzen ona, jaurtitzaile bikaina, errebotera joateko beldurrik ez duena, defentsan ere ondo saiatua… ez da ezertan bereizten baina lan guztiak egiten ditu ongi. Kantxa gainean minutu gehien pasatzen dituen jokalaria da eta horrek zerbait esan nahi du. 32’5 minutu, 11’6 puntu, 3’5 errebote eta 9ko balorazioa.

Roso Buch (1’76 m) da kanpoko jokorako ekarritako “izarra”. Bembibren sekulako hiru denboraldi egin eta gero (Montenegroren atzetik saskiratzaile nagusi izanda), eskolta honek Huelvara egin du bere karrera bikainari beste buelta bat gehiago emateko nahiarekin. Jaurtitzaile aparta eta barneraketetan ere ona, lehen jaurtiketa sartu eta bolada ona hartzen duenean partida puska dezakeena. Klubak goiko postuetan mantentzeko egin duen beste apustu garbi bat.

Jokalari handia osatzen duen multzoa, joko bolada onean iristen dena eta talde espiritu handia daukana gainera.

Añares riojak egundoko erronka edukiko du aurrean ostiralean. Gure jokalariak oso motibatuta daude, ligako geldiunearen aurretik izandako dinamika positiboa berreskuratzeko gogoz. Joseba Lizarraldek jokalari guztiak izango ditu jokatzeko moduan eta denek duten guztia emango dute ziur.

Ez da normalean jokatzen den eguna izango eta gainera zubi erraldoi baten aurrean gaude. Baina horrek ezin du aitzakia izan,
Kiroldegiko harmailak topera bete beharra dagudelako gure jokalariak animatu eta lehen garaipenaren bila beharrezko bultzada emateko.

Azpeitiko kiroldegian garaipena lortzeko gogotik lan egin beharra dagoela erakusten jarraitu beharra dago.

Egurre Añares!!!!!