Bosgarren garaipena Zaher ISBrentzat (58-61)

img

Tolosan pasa den larunbatean lorturiko garaipenak, A1 ziurtatzeko garaipen bakarrera utzi ditu Euskal Ligako kadete mutilak. Taldea hazten ari da lehiaketan eta kirol mailan momentu gozoan dagoela esan daiteke.

Defentsako lanean sendo hasi zuen Zaherrek partida, jokalari guztiek ondo barneratu baitzuten garaipena lortzeko bidea atzean lana gogotik egitea zela. Erasoan baina, ez zuten uztaira begira asmatu, honek tamaina txikiago balu bezala, nahiz eta jaurtiketa aproposak bilatu eta aurkitu zituzten. Gauza onena izan zen defentsan egindako lanari esker Tolosak ere sekulako arazoak izan zituela puntuak lortzeko eta parekotasuna izan zen nagusi markagailuan. 9-12 lehen laurdena amaitzean.

Bigarren laurdenean ere berdin jarraitu zuten defentsan. Presioa bikain egin zuen taldeak eta horrek baloi asko lapurtzea ahalbidetu zion, saskiratze errazak lortzeko aukera edukiz kontraerasoan. Saskiaren giltzarrapoa apurtuta, jaurtiketak ere sartzen hasi ziren eta lorpen honek Zaherren jokoari bizitasun berezia eman zion. Tolosak hala ere ondo egin zituen gauzak defentsan eta erasoan ere asmatzen hasi zen. Atsedenaldira 24 eta 31 iritsi ziren, abantaila polita zen, baina mutilek argi ikusi zuten erlaxatuz gero, arazoak edukitzen hasiko zirela.

Eta hala ere erlaxazioa iritsi zen eta etxekoek ondo aprobetxatu zuten. Defentsan taldeak ez zuen erakutsi lehen bi laurdenetako oldarkortasuna eta erasoan hutsak batzen hasi ziren. Eritzek baina aurrerapausoa eman (9 puntu, 7 errebote eta 4 txapel) eta bere eskutik taldea berpiztu egin zen. Julen Azpillaga (13 puntu) batu zitzaion iritzi eta bien artean Zaherren alde jarri zuten balantza.

Baina gauzak parekatu egin ziren berriz azken laurdenean. Iraurgikoak aurretikjoan ziren momentu oro azken minutura arte; orduan lortu zuen Tolosak partida 57na berdintzea. Zaherrek burua hotz mantentzen jakin izan zuen eta defentsa oinarri moduan partidaren kontrola berreskuratu zuen. Erasoan ere asmatzen jakin zuen amaieran eta nahiz eta jaurtiketa libretan 6/2ko bataz beste eskasa egin, partida irabaztea lortu zuten.

Enaitz pozik agertu zen garaipenagatik, baina arduratuta ere bai, defentsako hanka-sartzeak ezin zuzendu dabilelako taldea.

Orain geldiunea dago, taldeari min hartutako jokalariak berreskuratzeko ondo etorriko zaiona. Atseden hartu eta segituan lanera, Araberri hartzeko etxean. Bigarren sailkatuaren aurka kalitatezko garaipena lortzeak A1erako sailkatuko lituzke eta horrek behar du izan helburua.

Egurre Zaher!!!!.