Hirugarren sailkatuak asko sufritu du Añares Rioja ISBren aurreran (70-80)

img
Davydovaren partida handia

Nahiz eta hasieran galdu xamar ibili, gure neskek maila altua eman dute ia partida guztian zehar eta Conquerok uste baino gehiago sufritu du. Andaluziarrak baina, nagusi izan dira eta euren kalitatea erakutsi dute. Lehendabizikoz epaileek gorputz txarra utzi dute bertaratutakoen artean.

Añares Rioja ISB hotz irten da kantxara eta defentsan zailtasunak eduki ditu. Aurkaria gelditzeko arazoak ohikoa duten oldarkortasunik ez dutelako erakutsi gertatu dira, eta hirugarren sailkatuari abantaila gehiegi ematea da hori. Conquerok oparia aprobetxatu du eta markagailuan alde egin du. Davydova zen etxekoen euskarri, egundoko partida (batez ere lehen zatia) egin baitu errusiarrak, izan ere Markovic partidatik kanpo egon da ia une oro. Añaresek defentsa aldatu eta partida aldatu du. Zonakako defentsak erotu egin du kontrarioa eta Roselisek lortutako hiruko ikusgarri batekin 16 eta 20 iritsi dira lehen laurdenaren amaierara.
Bigaren laurdena askoz ere orekatuagoa izan da. Añaresek bere defentsa mantendu du, nahiz eta Conquerok nahiko erraz lortu dituen puntuak hasieran. Iraurgikoak baina, erasoan eroso sentitzen hasi dira eta Garaziren bi hirukok kontrola eman dio etxekoei. Andaluziarrek hutsartea eskatu behar izan dute partida gelditzeko eta berriz ere kontrola berreskuratzeko. Davydova eta Roselis bikain ari ziren, baina kalitatea kalitatea da eta 6 gora joan dira atsedenaldira.
Añaresek jarraitu du defentsak alternatuz atsedenaldiaren ondoren eta hasierako minutuetan ondo joan zaio. Hiru puntura jarri dira baita, baina hor agertu dira Maria Asurmendi eta Maria pina, andaluziarrentzat lasaitasuna ekartzeko. Atzean sendo egon dira kanpokoak, gogor jokatuz behin baino gehiagotan eta erasoan Asurmendik eta batez ere Pinak min galanta egin dute. Caldwell ere erasoko errebotean nagusi agertu da, epaileek ere zona barruan normala baino askoz gehiago egoten utzi diotelako. Azkenerako 11ko aldea hartu dute Conquerokoek eta arnasa lasai hartzen hasi dira.
Añaresek ez du etsi eta Roselisen eta Marinaren bi jokaldi onek berriz piztu dute taldea. Hala ere, Huelvakoek kontrolpean zuten partida. Etxekoen ahalegin orori erantzuna ematen jakin izan diote eta azkenerako garaipena 10 puntugatik lortu dute. Goraipatzekoa gure nesken jarrera, partida galdutzat zutela ere, ahalik eta diferentzia txikienagatik izan zedin ahalegindu baitira azken segundora arte. Horrek sekulako zapore gozoarekin utzi ditu harmailak bete dituzten 700 lagunak. 17 eta 16ko azken partziala, eta oraingoan ere, gutxienez laurden baten garaile irten da Añares Rioja ISB.
Roselis Silva izan da partidako MVPa, 25 puntu, 7 errebote, 4 baloi berreskuratu eta 6 falta jaso eta gero, 34ko balorazioarekin amaituz.
Davydovak ere egundoko partida burutu du gaur, liga hasi zuenetik hoberenetako bat: 18 puntu eta 9 errebote (5 erasokoak).
Caldwell izan da andaluziarren jokalari baloratuena 24rekin: 18 puntu eta 10 errebote.
Lehendabizikoz denboraldian epaileen lanak aho-zapore garratza utzi du bertaratutakoen artean. Egia da ez direla erabakigarriak izan emaitzan, baina partidako momentu askotan erakutsi duten harrotasun eta hantustea soberan egon da. Agian ez zaie ondo etorri ostiral arratsaldez azken sailkatuari arbitratu behar izatea.
Saskiratzaileak: 16-20 / 19-21 (35-41) / 18-23 / 17-16
AÑARES RIOJA ISB: Arregui (6), Uria, Epelde, Bereziartua, Etxeberria, Zubizarreta, Lizarazu (8), Davydova (18), Gurrutxaga, Silva (25), Markovic (9), Aizpurua (4)
CB. CONQUERO: Neves (3), Buch (3), Asurmendi (16), Pina (14), Pascua (6), Germán (2), Elonou (10), Cadwell (18), Haley (8)