Lehen derbya gure historian

img

Añares rioja ISBk Gernikari egingo dio bisita, Emakumezkoen Lehen Mailan klubaren historian biziko duten lehen derbyan. Bizkaitarrak lehiaketan ondo finkatuta dagoen taldea da eta bere probintziako emakumeen saskibaloian erreferentzia bihurtu dira. Beste zita historiko bat.

Gernika Bizkaiak guztiok bete gintuen pozez Emakumezkoen Lehen Mailara iritsi zenean. Etxeko jokalariekin eta pare bat fitxaketarekin, Mario Lopezek zuzentzen duen taldeak loria lortu zuen eta emakumezkoen Bizkaiko saskibaloia guztien ahotan egotera iritsi zen. Ordundik baina jokalari gutxi gelditzen dira gaur eguneko taldean. Izan ere, gaur egun, ofizialki behintzat, bertako harrobiko bi jokalari bakarrik baitaude lehen taldean: Maite Mugira (1’70 m) hegalekoa eta Izaskun Garcia (1’69 m) joko antolatzailea.

Eta hori ez da Gernikak harrobiarekin lan egiten ez duelako, berez, bizkaitarren ezaugarrietako bat hori baita, beheko mailetan jokalari apartekin lan egiten dutela. Bizkaitarrek Euskadiko emakumezkoen klub gehienentzat eredu izan beharko lukete harrobiarekin egiten duten lana dela eta. Baina noski, elitean jokatzeak eta goiko postuetan egon nahi izateak derrigorrean bultzatzen zaitu fitxaketa ugari egitera.

Gernikak irabazi beharreko partida du hau Kopara sailkatzeko aukerekin jarraitu nahi badu behintzat. IDK Gipuzkoaren aurka irabazi izanak ametsa errealitate bihurtzeko aukera ematen dio oraindik eta denboraldiko lehen tituluarengatik borrokan egoteko aukera ez du pasatzen utzi nahi.

Claudia Pop (1’83 m) hegalekoa da taldeko jokalari baloratuena eta beraien erasoko erreferentzia nagusietako bat. Errumaniarrak bigaren urtea du Gernikan eta lehiaketan bere denboraldi onenetako bat jokatzen ari da. Erasoan denetik egin dezakeen jokalaria, 1x1ekoan gelditzeko oso zaila (oso joko sortzailea baita) eta kanpotik jaurtitzen ere iaioa. Gainera, defendatzaile ona da eta erreboteko lana ere ondo barneratuta dauka. Bere zenbakiak honako hauek: 35’11 minutu, 12’6 puntu, 5’6 errebote, 2’3 asistentzia eta 14ko balorazioa bataz beste.

Joy Edwars (1’90 m) da gure aurkarien erasoko bigarren erreferentzia. Hegal-pibota Bembibretik etorri da, eta bertan sekulako jokoa erakutsi eta gero, aurten Gernikan ez dabil atzean gelditzen. Erasorako bizi den jokalaria, zona barruan sekulako mina egiten du eta bere 1x1ekoa zoratzeko modukoa da. Distantzi erdiko jaurtiketetan abila bada ere, gorputzen arteko talka maite du. Atzeko lanean dauka gabezia, ez baita defendatzaile ona eta erreboteak eskuratzea ere kosta egiten baitzaio. 26’09 minutu, 12’9 puntu (%53’8koa biko jaurtiketetan), 3’7 errebote eta 13’1eko balorazioa partidako.

Gisela Vargas ( 1’88 m) da barruko jokorako erreferentzia. Entre Riosekoa (Argentina) , maila honetako “klasikoetako” bat da, saskibaloi munduko ibiltaria, Emakumezkoen Lehen Mailan egoitza topatu duena. Gernikak argi eduki zuen bere perfileko jokalari bat behar zuela: langilea, konprometitua eta lidergoa odolean daramana. Bizkaitarrekin lehen urtea du, baina zazpigarrena dauka ligan (Joventud Mariana, Uni Girona eta Stadium Casablancan aritu da aurrez). 26’21 minutu, 9’4 puntu, 6’1 errebote eta 9’6ko balorazioa bataz beste.

Nicole Ross (1’73 m) eta Rachael Vanderwal (1’75 m) ere kontutan hartu beharreko jokalariak dira. Nahiz eta puntu eta balorazio alorrean bigarren maila batean dauden, jokalari oso onak dira eta edozein momentutan apur dezakete partida.

Añarez Rioja ISBk motibazioa topera dauka. Malosten jokatzea beti da pizgarri, historikoki oso kantxa zaila izan delako Iraurgiko jokalarientzat eta zerbait positiboa atera izan denean, gogotik sufrituta izan delako. Horrelako kantxetan jokatzea beti da atsegina jokalariarentzat. Zaleek, taldearekin, topera bizi izaten dituzte partidak, 40 minutuetan atsedenik hartu gabe animoak emanez. Gure taldeak gustuko duen giro horietakoa.

Joseba Lizarraldek jokalari guztiak izango ditu jokatzeko prest. Ez da albiste txarra denboraldiko partida zailenetako baten aurrean. Taldeak ere argi dauka %200a eman beharko duela zerbait lotzeko baina bizkaitarren festa zapuzteko prest daude. Horren desiratuetako lehen garaipena geroz eta gertuago dago, eta Gernikan lortzea sekulakoa litzateke.

Egurre neskak!!!!!