Kopan sartzeko ametsak irabazi du

img
FOTO: GERNIKA KESB

Bizkaia Gernika oso nagusi izan da gaurko derbyan. Hasieratik ihes egin du markagailuan eta erraz lortu du garaipena (97-58).

Partida benetan berezia zen gaurkoa motibo askorengatik. Lehendabizikoz jokatzen zuelako Añares Rioja ISBk derby bat Emakumezkoen Lehen Mailan, eta Maloste beti izan delako jokalariek gustuko eduki duten kantxa bat, bertan bizi izaten den giroa benetan ederra baita. Gernikako Kiroldegiak ez du huts egin, Kopan sartzeko ametsak bizi-bizi dirau eta bizkaitarrengan. Gehiago gaurko partida eta gero. Egia esan ez du historia gehiegi eduki neurketak. Etxekoak lehen segundotik oso nagusi izan dira eta gipuzkoarrak 5-7 minutuan baino ez dira lehiakor agertu. Mario Lopezek gidatutakoek talde bezala jokatu dute eta jokalari guztiek eman diote taldeari zerbait positiboa, Iraurgin berriz, Silvak eta Davydovak, bakarregi minutu askoan ezer gutxi egin izan dute talde handi baten aurrean.
Partida 14 eta 0ko partzialarekin hasi da. Añares Rioja ISB erasoan galdurik, ideiarik gabe eta baloi andana galduz. Etxekoek argi zeukaten zer zuten jokoan, eta hasieratik partida apurtzea nahi izan dute gerora lasaiago jokatu ahal izateko. Gaur irabazteak Kopatik oso gertu jarriko lituzke bizkaitarrak eta talde baten eta bestearen arteko oldarkortasunean nabaritu da hori. Intzak sartutako hiruko batek apurtu du partziala, baina partidak tonika berdinarekin jarraitu du. Gipuzkoarren hiru zutabe nagusiak agertzen hasi diren arte Añares ez da Añares izan, baina ordurako bizkaitarrak alde eginda zeuden.
Hala ere, Iraurgik azken partidetan zerbait erakutsi baldin badu etsitzen ez duela da. 5 eta 0ko partziala eginda ekin dio bigarren laurdenari eta gauzak estutu ditu, Malosteko harmailetan nolabaiteko beldur apur bat sartuz. Mario Lopezek partida gelditu du gauzak berriz ordenan jartzeko asmoz eta lortu du. Izaskun Garciak eta Gisela Vegak gidatuta, etxekoek erreakzionatu eta berriz egin dute alde markagailuan.
Añaresi Markovicek egin ohi duen jokoa falta zitzaion. Serbiarra, bere talde ohiaren aurka estramotibatuta zegoen eta horrek eragina izan du berarengan, partidatik kanpo utzi arte. Roselis eta Davydova ahalegindu dira taldea berpizten baina etxekoek, bai fisikoki eta baita teknikoki ere nagusi, markagailuko aldea kudeatzen bikain jakin izan dute. Behar dutenean estutu egin dute eta azken laurdenean kontrarioaren gainetik pasa arte ez dute etsi, gaur egun euskal talde indartsuena dela argi eta garbi utziz.
Gernikak beraz, Koparekin amesten jarraitu ahal izango du. Añaresek berriz, desiratutako lehen garaipenaren bila jarraitu beharko du. Datorren asteko derbyan akaso??
Saskiratzaileak: (28-17/21-15/19-14/29-12)
GERNIKA BIZKAIA: Pop (15), Llorente (8), Vanderwall (14), García (8), Vega (19) – Díez (9), Clark (3), Lázaro (2), Edwars (10) eta Ross (9).
AÑARES RIOJA ISB: Arregi, Lizarazu (7), Davydova (18), Silva (20), Markovic (6) – Uria (7), Epelde, Bereziartu, Etxeberria eta Gurrutxaga.