Caldereria Pako ISBk Oñatin irabazi zion 66 eta 71 Aloña Mendiri

img

Caldereria Pakok garaipenarekin amaitu du 2015a, Oñatiko Zubikoa kiroldegian larunbat goizez jokatutako partida irabazteko kapaz izan baitzen.

Lehen minutuetan hotz irten ziren kantxara Iraurgikoak eta hori horrela, etxekoak agintari ibili ziren markagailuan. Defentsa balantze txarrak eta erasoan ere baloia mugitzerako orduan edukitako arazoek oñatiarrei abantailatxoa eman zien eta lehen laurdena 20 eta 16 amaitu zen.

Bigarren laurdena izan zen Caldereria Pako ISBren goizeko onena. Bere bertsiorik onenetik gertu, defentsako intentsitatea igoz, baloia pila bat lapurtzea lortu zuten Iraurgikoek eta kontraerasoan saskiratze errazak eskuratu zituzten. 22 eta 4ko partzialak guztiz irauli zuen partida (24-36, 17. minutuan). Atsedenaldira beraz, eroso jokatzen heldu ziren granateak (31-42).

Hirugarren laurdena saskiratze trukaketa hutsa izan zen. Bi taldeek erasoko jokoa gehiago bilatu zuten defentsan sendo egotea baino eta kanpotarrek abantaila handitzea lortu zuten, gutxi izan bazen ere. 30. minutuan 50 eta 64koa erakusten zuen markagailua.

Azken laurdenak baina, Caldereria Pakoren “beste aurpegia” erakutsi zigun. Entrenatzaileak ez zuen asmatu tekla egokia ukitzen eta taldeak partidatik joan zen. Sufritzen amaitu zuten, etxekoak 3 puntura gerturatu baitziren azken minutuaren barruan eta 16 eta 7ko partziala eginda gauzak zail jarri zizkietelako. Hala ere, azkenean garaipena.

Gabonetako oporrak amaitu bitartean ez da lehia itzuliko Caldereria Pako ISBrentzat.