IDK Gipuzkoari irabazteko gakoak

img

Larunbatean 19:00tan Añares Rioja ISBk beste zita bat edukiko du historiarekin. Bere bizilagun IDK Gipuzkoaren bisita jasoko du, 2015eko azken derbya jokatzeko. Donostiarrak ez daude sasoi puntu onenean eta sailkapenean leku arriskutsuan daude sailkatuta (4-8).

Gaurkoan zaila egiten da partida baten prebia egitea Añares Riojarentzat horrenbeste emozio baldintzatzaile daudenean. Lerro hauek idatzi dituenak ez zeukan oso argi nola egin aurre asteroko zita honi: aurreko asteetako gidoiarekin jarraitu eta taldeko jokalari zerrendari buruz hitz egin edo horrelako partida bat jokatzeak suposa dezakeenari buru hitz egin. Beraz, gorputza eta burua libre utzi ditut.

Aurkariaren datuak:

-Lehiaketan esperientzia handia duen taldea, jokalari oso onekin, baina hiru jokalarik erasoan egiten dutenari lotuta: Bravard (1’93 m, 25 urte), Novo (1’70 m, 32 urte) eta Sarr (1’87 m, 31 urte). Olabarria (1’78 m, 30 urte) eta Aduriz (1’82 m, 24 urte) dira talde honetarako osagarri perfektuak dira.

-Foraste (1’92 m, 24 urte), Gonzalez (1’74 m, 24 urte) eta Arroyo (1’80 m, 24 urte) dira errotazioko jokalariak. Erasoan ez dira ari entrenatzaileak nahi bezain fin, baina kontutan hartzeko jokalariak dira.

-Iparragirre (1’73 m, 16 urte) eta Erauncetamurguil (1’85 m, 17 urte) Gipuzkoako saskibaloiaren bi harribitxi dira, etorkizun handia izan dezaketen probintziako bi jokalari. Etorkizuna bai, baina taldean oraingoz presentzia gutxi dutenak. Sarak lau partida bakarrik jokatu ditu eta bataz beste 5’41 minutu egon da kantxan; Mariak berriz 10 partidutan 8’10 minutu. Horren behean dagoen talde bat izanik, deigarria da minutu gehiago ez edukitzea.

-40 minututan partidaren kontrola eduki beharra daukan taldea da. Korrika eginez jokatzen daki partidako minutu garrantzitsuenetan eta badauka pazientzia nahikoa momentu horretara iristeko, baina bere indar-gunea joko estatikoan dago. Normala ere bada, bere hiru zutabe nagusiek 30 urtetik gora dituztenean. Eroso sentitzen utzi ezkero, erasoan zitalak dira.

-Defentsan gogorrak dira eta euren kontrarioek 60 puntu baino gehiago sartu ez dezaten nahi izaten dute. Hori lortzen badute garaipenetik gertu ibiliko dira, bestela… kontrarioak korrika egin ez dezan saiatzen dira beti eta ahalik eta deserosoen jaurti dezaten bilatzen dute, Bravard (9’8 errebote), Sarr (5’8) eta Novoren (4’6) errebote ahalmenaz jakitun baitira.

-Partida estuetan ez dute zortea aldeko eduki.

Irabazteko gakoak:

-Roselisek noski lan zaila izango duela Novorekin. Galiziarra oso jokalari fisikoa da eta defendatzaile ona, baina badaki baita faltez ezin dela josi. Venezuelarraren 1x1eko leherkorrak garrantzi handia hartu dezake.

-Maritak eta Marinak egundoko lana egin beharko dute defentsan, baina erasoan ere eraginkor agertu beharko dute. Bravardek eta Sarr-ek ezin dute %100ean 40 minutuak jokatu eta momentu erabakigarrietan min egiten jakin behar da.

-Parekatze horietan berdin xamar egotea lortzen badugu, partida oso zabalik geldituko da bi taldeendako. Eta hor gainontzeko jokalariek eman dezaketena funtsezkoa izango da. Olabarria eta Adurizen gaineko defentsako lana bikaina izatea nahitaezkoa izango da. Gainera erasoan zigortu egin behar zaie eta defendatzen dutenean ahalik eta deserosoen egon daitezen saiatu behar da gerora erasoan freskotasunik izan ez dezaten.

-Añaresek defentsa oso oldarkorreko partida planteatu beharko du, donostiarrak higatu eta errotazio askotan sartzera behartuz. 1x1ekoetan intentsitatea, Marita eta Marinari laguntza asko eman zona barruan eta batez ere errebotea ondo ixtea ezinbestekoa izango da garaipen aukeraren bat edukitzeko.

-Erasoan planteamendua argia da: 40 minutuak korrika egiten pasa, 1x1ekoetan oldarkor eta anbizioarekin eta baloia azkar mugitu zonakako defentsa ahalik eta gehien desorekatzeko.

-Taldea bezain leherkor portatuko den harmaila bat. Larunbatean, Añares Rioja ISBk gure jarraitzaileen laguntza eta bultzada konstantea beharko du. Ezin du isiltasunezko segundo bakar batek existitu, guztiok ahotsik gabe iritsi beharra daukagu etxera.

Gure taldea gogoz eta motibazioz gainezka dago. Gure kontrarioen sailkapeneko larritasunak posible dela pentsatzera eramaten gaitu. Etxeko partidetan daramagun dinamikak posible dela pentsatzera garamatza. Harmailetako laguntzak akuilatu egingo gaitu eta posible dena errealitate bihurtzera eramango gaitu.

Larunbatean Añares Rioja ISBk bere lehen partida irabaziko du Emakumezkoen Lehen Mailan.

ETB gure balentriaren testigu izango da. Kate autonomikoaren saskibaloiko sailaren arlo-buruak presente egongo dira Azpeitian euren medio erakustaldi eta guzti. Nahiz eta Gipuzkoako kirolarentzat derby historikoa izango den, antza gertaera hau ez da nahikoa partida zuzenean emateko hala ere. Eskerrak, FEBTV.com-en bitartez @Etxazk6 eta @urbixxxek gidatuta, partida zuzenean ikusteko aukera egongo den.

Egurre Añares!!!!