IDK-k Azpeitia hartu du

img
Harmailak goraino bete dira

.Añares Riojaren lehen laurden negargarri batek eta IDK Gipuzkoaren bikain batek guztiz erabakita utzi du denboraldiko hirugarren euskal derbya. Donostiarrak hortzak estuturik irten dira eta gainera asko asmatu dute uztaira begira. Zoriondu eta etxean jokatuko duten Kopari begira zorterik onena.

.IDJ Gipuzkoaren nagusitasuna lehen segundotik sekulakoa izan da. Defentsan oso oldarkor eta lanean bikain arituta, erasoan ikaragarri asmatuz. Añares Rioja ikuskor irten da kantxara eta ordaintzen amaitu du. Defentsan hotz, laguntza bat bera ere asmatu gabe. Sarr-ek eta Novok erraz lortu dituzte puntuak eta Bravard taula azpiaren jabe egin da. Iraurgikoen aulkikoek ere ez dute jakin izan odol isuria gelditzen eta erasoan ere ideia falta nabarmena egon da. Talde jokoa baztertuta eta bakarkako jokaldiak bilatuz, azkenean lotsa-gorriturik amaitu dute lehen laurdena, 9 eta 35eko partziala jaso eta gero. Añares Riojak denboraldian jokatu duen laurdenik txarrenetik gertu ibiliko zen gaurkoa. Hori ondo ulertuta, ez dute etsi nahi izan etxekoek. Estrategia aldatu dute, bai defentsan eta baita erasoan ere, eta lehiakor izan daitezkeela erakutsi dute. Roselisek eta marinak erasoan erantzukizuna hartu dute. Venezuelarrak taldeari korrika egiten lagundu dio, eta serbiarraren barneraketek faltez josi dituzte kanpotarrak. Zonakako defentsarekin gainera, Novoren ekarpena gelditu dute, baina hor hasi da Bravard agertzen. Amerikarra geldiezin bilakatu da zona azpian, ez bakarrik sartu dituen puntuengatik, jokoa ikusteko daukan erraztasunagatik ere bai. Donosti Basketeko pibota 18 puntu eta 24ko balorazioarekin iritsi da atsedenaldira eta kanpotarrak 22 gora joan dira.
Bigarren laurdeneko Iraurgi desagertu egin da hirugarrenean. Bihotza bai, baina buru gutxirekin, bakarkako jokaldiekin bilatu nahi izan dute markagailuan gerturatzea, baina kontrako efektua topatu dute. IDK-k defentsa asko itxi du eta etxekoek ez dute barneraketak egiteko biderik topatu. Egia esan, epaileen lanak zer esana eman du, falten langa oso ezberdin jarri baitute aurreko bi laurdenekiko eta horrek jokalariak ernegarazi ditu. Ez da erabakigarria izan hauen lana, ez eta gutxiago ere, baina pena da erabakita dagoen partida batean epaileak nola jokalariak ernegatzea bilatzen duten ikustea. Kontuak kontu, Cierra Bravard-ek berearekin jarraitu du eta Iulene Olabarriak gainera kanpoko jaurtiketekin lagundu dio. Horrek Azu Muguruzari aulkia asko mugitzeko aukera eman dio eta 6 eta 20ko partziala eginda jadanik erabakita zegoen partidari piper eta gatz guztia kendu dio.
Azken laurdenean iritsi dira Añaresen minuturik onenak. Defentsa sendotuta kontraerasoan irteteko aukera bat baino gehiago eduki dute. Egia da agian donostiarrek intentsitatea pixka bat jaitsi dutela, nahiz eta defentsan gogor xamar aritu diren. Kontaktu asko egon dira eta jokoa asko itsustu da, epaileek gelditzen jakin ez duten falta oso gogorrak tarteko. Bai Azuk eta baita Josebak ere burua hotz mantentzen jakin dute baina tentsioa gora joan da. Azkenean 26 eta 15 partzial honetan eta Añaresek bi laurden irabazi dituela esan dezake behintzat. Gainera, detaile polita egon da, 10 jokalari gipuzkoarrek amaitu baitute kantxa gainean.
Bravard izan da partidako MVP-a 50eko balorazioarekin. Zenbaki benetan ikusgarriak lortu ditu: 34 puntu (%75a biko jaurtiketetan), 19 errebote eta 5 asistentzia.
Roselis Silva izan da Añares Riojako onena 41eko balorazioaz. Zenbaki bikainak ere venezuelarrarentzat: 26 puntu, 4 errebote, 6 asistentzia eta 8 baloi berreskuratu.
Pena izan da harmaila bete duten zaleek markagailu estuago batekin gozatu ahal ez izatea. Izan ere, zaleek erantzun dute zita historiko honetan.
Saskiratzaileak: 9-35 / 28-24 (37-59) /6-20 / 28-15
AÑARES RIOJA ISB: Arregui (4), Uría (4), Epelde, Bereziartua (1), Etxeberria, Zubizarreta (3), Lizarazu (2), Davydova (13), Gurrutxaga, Silva (26), Markovic (13), Larrañaga (3)
IDK GIPUZKOA: Iparragirre, Erauncetamuguil (2), Sarr (12), Bravard (34), Novo (15), Arroyo, Olabarria (19), Aduriz (4), González (6), Foraste (2)