Aranur hauspo gabe gelditu zen (49-52)

img

Easok irabazi zuen emakumezkoen euskal ligako junior mailako derbya. Nahiz eta Aranur partidan agintzen hasi zen, atsedenaldiaren ondoren edukitako bataz besteko txarrek porrotera eraman zuten. Easoko garaipenean fede gehiago eduki zuen eta irabaztea lortu zuen.

Luisen neskak entrenamendu falta ordaintzen ari dira eta larunbatean argi gelditu zen lehiaketa erritmorik gabe daudela. Partida erabakitzeko momentuan, ia beti ondo erantzuteko gai direnean, erasoko akatsek eta behartu gabeko hutsek porrotera kondenatu zituzten.

Seigarren minutura arte bi taldeak beldurti xamar ibili ziren eta saskiratzeak lortzea ez zen gauza erraza izan. Urduritasuna nagusi zen eta 4 eta 6ko emaitzak argi uzten zuen ez zela neurketa aparta izango. Eneritzek jarraian lorturiko 5 puntuk haizea eman zion Aranurri eta defentsa sendotuta erasoan lasaiago jokatzeko aukera izan zuten Iraurgikoek. Donostiarrek euren lekua galdu zuten kantxan eta 10 eta5ko partziala jaso zuten. 14 eta 11 lehen laurden amaieran Aranurrentzat, baina Easok oraindik bere jokorik onena atera gabe zeukan.

Bigarren laurdenean hasi ziren donostiarrak euren jokorik onena ateratzen, defentsako lanean oso zentraturik eta erasoan pazientzia asko erakutsiz. Aranurrek korrika egiteari utzi zion eta eraso estatikoak oso trinkoak izan ziren. Defentsan ere ez ziren fin ibili, errebotea ixtea asko kosta zitzaien eta pase marrak zaintzeko lana ere ez zen ona izan; horrek Easokoei baloia errazago mugitzea ahalbidetu zien. Izarok lortutako saskiratze bati esker partida 25na berdintzea lortu zuten gure neskek, baina partziala Easoren aldekoa izan zen 11 eta 14.

Atsedenaldiaren ondoren Iraurgikoek garesti ordaindu zuten erasoan egindako hutsak. Izan ere, erasoan hartutako erabaki txarrek zaborretara bota zuten defentsan egindako lan ona. Donostiarrak izan ziren jokoaren jabe, bai defentsan eta baita erasoan ere. Trantsizio azkarrekin zigortu zituzten gure nesken behartu gabeko hutsak eta markagailuan alde polita zabaldu zuten. Aranur ez zen erreakzionatzeko gai eta aulkitik irtendakoek ere ez zioten taldeari behar zuen pizgarria ematerik lortu. 12 eta 18 Azkoititik garaipena eramateko mehatxu serioa egiten zebilen Easorentzat.

Azken laurdena sutsua izan zen. Easo trabatu egin zen eta Aranurri utzi zion jokoaren kontrola aurreneko hiru minutuetan. Izarok eta Maitanek puntu bakarrera jartzea lortu zuten gure taldea (43-44), baina Sara Iparragirreren hiruko batek berriz ere haizea eman zion Easori eta donostiarrek ekintza berreskuratu zuten. Azken minutuetan urduritasunak bi taldeak jan zituen. Iraurgi prezipitazioak jota ibili zen erasoan eta gainera zorteak bizkarra eman zion. Easok, markagailua aldeko, bere erasoak hobeto kudeatzen jakin izan zuen garaipena eramateraino. 12 eta 9ko partziala Aranurrentzat.

Gabonetako geldiunea ondo etorriko zaio taldeari “reseteatzeko” eta lanera indar gehiagorekin bueltatzeko. Bigarren fasea ate joka daukagu eta taldeak bere espiritua berreskuratu beharra dauka.

Egurre Aranur!!!