Ulaciak ondo landutako garaipena lortu du Easoren aurka (52-42)

img

Euskal Ligako Kadete mailako neskek garaipen garrantzitsua lortu zuten Easoren aurka. Lehen laurden bikaina eta hurrengo bietan edukitako erreakziorako gaitasuna oso garrantzitsuak izan ziren garaipena lortzerako orduan. Moralki sekulako balioa dauka: Iraurgik donostiarren aurkako bi partidetan lortu du irabaztea.

Bi taldeek ikuskizun polita eskaini ziguten larunbat goizean Azkoitian. Nahiz eta bi taldeak titulurako borrokarako sailkatuta egon, derbyak beti dira derby, eta kantxa gainean zuten guztia eman zuten jokalari guztiek.

Lehen laurdenaren ezaugarri nagusia parekotasuna izan zen. Ulaciak bi hiruko lortu zituen bere lehen bi erasotan eta horrek markagailuan agintari jarri zuen. Easo baina, defentsan sendo ibili zen, kantxa gainean eman dezakeena erakutsiz, eta bosgarren minuturako markagailua berdindua zeukan. Ulacia ere sendo jarri zen atzean eta bi taldeek asko landu behar izan zituzten euren erasoak zerbait positiboa atera ahal izateko. Iraurgikoen efikazia pixka bat hobea izan zen eta horri esker lehen laurdenaren amaieran 18 eta 13ko erakusten zuen markagailuak. Hala ere, jaurtiketa libretan eginiko 5/0koak arduratzen zuen, horrelako partidetan jokoaren alderdi hau erabakigarria izaten baita.

Ulaciak kontzentrazioa galdu zuen bigarren laurdeneko aurreneko minutuetan. Xubiren neskek defentsako izpiritua galdu zuten eta erasoan ondo planteaturiko defentsa baten aurkako jo zuten behin eta berriz. Easo partidaren jabe egin zen eta laugarren minuturako berriz partida bizi-bizi jartzea lortu zuen. Baina errebotean nagusitzen hastearekin bat eta defentsako laguntza onak tarteko Iraurgi berriz bueltatu zen partidara. Taldek korrika egiteari ekin zion eta 12-2ko partziala egin zion aurkariari. Donostiarrek defentsan ez zuten euren lekua aurkitzen eta erasoan ere aukerarik txarrena bilatzen hasi ziren. Ulaciak galdutako bi baloiri esker Easok markagailua pixka bat txukuntzea lortu zuen azken minutuan, 6 behera joanda atsedenaldira. 14 eta 13ko partziala Iraurgirentzat.

Hirugarren laurdena bigarrenaren kalkoa izan zen. Easokoen bi saskiratze azkarrek alarma gorri piztu zuten etxeko taldean. Nerearen jaurtiketa libre batek eta alaitzen hiruko batek berriz eman zion arnasa taldeari, baina seigarren minutura arte ez genuen Ulaciaren jokorik onena ikusi ahal izan. Easoren defentsa jaitsiera txiki bat aprobetxatuta, 9 eta 1eko partzial berri bat egin eta 11ko aldea lortu zuen Iraurgik. 14 eta 9ko partziala laurden honetan baina partida oraindik zabalik zegoenaren sentsazioak jarraitzen zuen harmailetan. Jaurtiketa libreen marratik lortutako bataz bestekoak (10/5) berriz ere ardura sortzen zuen etxekoen aulkian.

Donostiarrek zuten guztia emanez 0 eta 6ko partziala egin eta gerturatzea lortu zuten. Bi taldeek derbyetan ohikoa den urduritasuna erakutsi zuten baina gure neskengan eragin handiagoa izan zuen. Ulaciak laurden honetako 9. minutura arte itxaron behar izan zuen bere lehen saskiratzea lortzeko. Eskerrak Easok ere ez zuen gauza handirik lortu erasoan, zorteak ere bizkarra eman zion eta minutu erabakigarrienetan behera etorri zen. Ulaciak, gehien behar izan zuenean, erasoko efikazia berreskuratu zuen eta garaipena lortu zuen. 6 eta 7ko partziala kanpotarrentzat.

Derby klasiko bat, joko onik gabe, baina intentsitatez josia eta azken arnasa arte lehiatua. Burua hotzago izaten jakin izan zuenak irabazi zuen, noski, zortea ere lagun.

SASKIRATZAILEAK: Soraluze (5), Zubizarreta (7), Ezama A (5), Zuazolazigorraga (4), Merketegi (8), Sudupe (4), Ugarte (3), Lizundia (6), Otaegui, Aranburu (5), Ezama M, Iturralde (4)