Urteko lehena… garaipena?

img
Taru Tuukanen, kanariarren azken fitxaketa

Añares Rioja ISBk bigarren itzulia hasiko du Kanaria Handian larunbatean (19:00) porroten dinamikari urte berriarekin agur esateko asmoz.

Urte berria hasten da Añares Rioja ISBrentzat. Garaipenarekin? Eta zergatik ez? Gabonetako opor egun hauek ondo etorri zaizkie Iraurgiko neskei, bi derbyek utzitako gorputz txarra eta porroten dinamika atzean utzi eta biziberriturik lanera bueltatzeko. Desio dute lehen garaipena, honek gorputzak eta arimak askatuko dizkielako. Presio moduko bat dute gainean, gure neskek, hainbesteko bultzada ematen dien zaleei garaipen batekin saritu nahi dietelako eta helburu guzti hauek lortzeko, agian ez da kantxarik txarrena Las Palmaseko La Paterna kiroldegia.
Egia da, Kanaria Handietako taldeak zerikusi gutxi duela irailaren 27an Azpeitiko Kiroldegian jokatu zuen harekin. Salbazioaren bila, taldea goitik behera aldatu dute ia. Aldaketa hauetako batzuk lesioengatik gertatu dira, Iris Junio eta Carmen Miloglavena, besteak beste, baina baita maila eman ez duten jokalariak egon direlako. Kontuak kontu, lehen itzuliko partidan erreferentzia izan ziren Estela Royo eskolta (11’2 puntu, 3’7 errebote eta 11’1eko balorazioa), Emily Evers pibota (7’5 puntu, 9’9 errebote eta 12’6ko balorazioa) eta Nevena Markovic hegal-pibota (7’2 puntu, 8’8 errebote eta 9’5eko balorazioa) izan dira taldea eutsi izan dutenak Taysha Pye joko antolatzailea iritsi den arte.
Amerikarrak beste ukitu bat eman dio taldeari, denbora oso gutxian protagonista bihurtzea lortu du eta bere eskutik iritsi dira azken sei partidetatik hirutan lortutako garaipenak. 7 partida bakarrik jokatu ditu baina taldeko buruzagi bihurtu da dagoeneko. 39 minutu ematen ditu kantxan eta lortu dituen bataz bestekoak sustatzeko modukoak dira: 22’6 puntu, 6’7 errebote, 4’6 asistentzia eta 19’3ko balorazioa. Roselisen aurkako dema benetan interesgarria izan daiteke.
Hiru jokalari afrikar ere fitxatu ditu talde kanariarrak: Ndeye Fall eta Thiama Kamara senegaldarrak eta Maliko Mariam Alou Coulibaly. Baina agian, zaleengan arreta gehien erakarri duena Taru Tuukkanen-en buelta izan da. Finlandiarra aski ezaguna da Europako Liga handienetan jokatu duelako Xavierko unibertsitatetik irten zenetik. Kanaria Handian jokatu zuen aurrekoan 15’7 puntu eta 7’4 errebote lortu zituen bataz beste. Baina batez ere, bere 37 urteekin eman dezakeen esperientziagatik izan daiteke garrantzitsua taldean. Hori bai, ama izan berri da eta oraindik kosta egingo zaio sasoi puntu onenean jartzea.
Añares Rioja ISBko neskek baina ez dute beldurrik. Galtzeko gutxi eta irabazteko asko duenaren konfiantzarekin bidaiatuko dute irletara. Azken bi partidetan galdu duten itxura ona berreskuratu nahi dute lehendabizikoz eta hori lortuz gero, badakite gauzak zail jarriko dizkietela etxekoei. Eta hortik aurrera, garaipenarengatik zergatik ez borrokatu? Ikusi egin beharko da, salbazioaren desirak edota lehendabiziko garaipena lortzeko desirak, zeinek ahal duen gehiago.
Egurre Añares!! Egurre Iraurgi!!