Mann Filter edo hazkuntzaren eredua

img
Gabi Ocete joaneko partidan (stadiumcasablanca.com)

Rioja Añares ISBk bosgarren sailkatuari egin beharko dio aurre igandean (18:00) Azpeitiko kiroldegian, ligako ezusteko handienetako bat emateko gogoarekin.

Stadium Casablanca izen oso ezaguna da emakumezkoen saskibaloian, Zaragozakoek urteak daramatzatelako mundu honetan lanean, baina batez ere azken urteetan hasi dira jasotzen urteetan egin duten lanaren fruitua. Orain bi denboraldi igo ziren lehen mailara eta aurreko urteetan bederatzigarren eta hamabigarren postuetan, aurtengoan lehen postuengandik borrokan ibiltzera iritsi dira. Handien atzetik dauden taldeetatik, puntakoena dela esan daiteke Gernikarekin batera.
Bosgarren daude sailkatuta Victor Lapeñak zuzentzen dituen neskak eta esan daiteke talderen bat sasoiko baldin badago, hori Mann Filter dela. Azken sei partidetatik bost irabazi dute, azkena, aurkari zuzena den Gernikaren aurka luzapenean. Egia esan, Britany Miller joan zenetik taldeak goraka egin du. Amerikarrak barruko jokorako erreferentea behar zuen izan, baina ez zuen lortu taldera egokitzerik. Bere ordez, Sheanna Mosch fitxatu zuten. Printzipioz aldaketa arraro xamarra zen, pibot baten ordez, eskolta bat fitxatu zutelako, baina ongi irten zaie. Batetik, Mosch jokalari beteranoak duen maila erakutsi duelako partidaz partida, bataz beste 11’2 puntu sartzen dituelarik. Bestetik, joko alaiagoa egin dezakeelako taldeak eta horrek Paola ferrari bezalako jokalari bati mesede galanta egiten diolako.
Italiarra da duda gabe taldeko motorra. Txapelketan puntu gehien sartu dituen jokalaria da eta ia geldiezina dela esan daiteke. Ia 18 puntu sartzen ditu partidako, baina errebotean ere asko laguntzen du 5’3 eskuratuta partidako eta ia 4 asistentzia ere banatzen ditu. Berarekin batera Jaklin Zlatanova pibotak eta Gabi Ocete joko antolatzaileak osotzen dute triangelu magikoa.
Millerren irteerarekin Zlatanovak, Lok eta Liepkalnek bakarrik osatzen dute barruko jokoa, baina batez ere bulgariarrari etorri zaio ondo hau, bere zenbakiek ikaragarri egin baitute gora, taldeko bigarren erreferente nagusia bihurtzeraino: 11’4 puntu, 8 errebote eta 15’9ko balorazioa partidako. Gabi Oceteren zenbakiak ere ez dira atzean gelditzen: 9’6 puntu, 4’7 asistentzia eta 11’6ko balorazioa partidako. Hauek dira gertutik jarraitu beharreko jokalariak, baina ezin ahaztuta utzi Liepkalnek, Esparciak edo Moschek egin dezaketen lana.
Argi dago, Añaresek irabaziko balu denboraldiko ezusteko handienetako bat emango zukeela, baina kontutan hartu behar da Zaragozan jokatutako partidan 30 puntugatik galduta ere, bi laurdenetan oso lehiakor agertu zela taldea; etxean jokatzen duela eta horrek beti ematen diola plus bat taldeari; eta batez ere, azken porrotak jasan eta gero, jokalariak gogotsu daudela galtzera ohituta dagoen talde bat baino gehiago direla erakusteko.
Horretarako bidea argi dago: jasandako puntu kopurua gutxitzea. Azken 4 partidetan 91 puntu baino gehiago jasan dituzte bataz beste eta kopuru hori jaistea ezinbestekoa da. Kontutan hartu behar da Mann Filterrek ia 70 puntu sartzen dituela partidako eta kopuru horietan mugituz gero susto bat emateko aukera handiagoak egongo dira.
Egurre Añares!!