Basket Egues 63 - DISDIRA BITXITEGIA ISB 58

img

Liderrari bisita egitea egokitu zitzaigun eta ezin izan ginen garaipenarekin bueltatu. Hala ere, galtzeko moduak daude, eta oraingo honetan, joko aldetik hobetzeko gauzak egon badaitezke ere, taldeari jarrera aldetik ezin zaio ezer gehiago eskatu.

Lehen laurdena izan zen jokatu genuen hoberena, errebotea ondo itxita erritmoa gure esku edukitzea lortu genuen eta etxekoek ezin izan zuten bat ere eroso jokatu. Horretaz gainera kanpoko jaurtiketekin ere asmatu genuen eta horrek 12 eta 20ko partziala egitera eraman gintuen. Bigarren laurdenean etxekoen jarrera aldaketa egon zen defentsan eta guk ezin izan genuen bat ere eroso eraso egin. Beraiek gainera gure akats txikiena ere kastigatzen jakin izan zuten eta geneukan alde polita galtzen ikusi behar izan genuen. Atsedenaldira 31 eta 27 iritsi ginen, baina argi geneukan defentsan lan berdina egiten jarraitu behar genuela irabazteko aukerak eduki ahal izateko.

Ideiak argi edukita errazagoa da nahi duzun jokoa erakutsi ahal izatea eta talde jokora itzuli ginen hirugarren laurdenean. Horrek ahalbidetu zigun markagailuan berriz aurre hartzea. Azken minutuetara arte iritsi ginen aurretik. Egia da, gure saskiratze bakoitzari erantzuna ematen zietela beraiek eta partida estu joan zela. Hori dena, azken minutu eta erdira arte. Orduan etxekoek daukaten esperientzia azaleratu zuten eta berriz jarri ziren aurretik. Guk ez genuen etsi, partida osoan bezala, baina azkenean 63 eta 58koarekin bueltatu behar izan genuen etxera.

Asteburu honetan beste talde on bat hartuko dugu Azpeitian: Durangoko Tabirako. Sailkapeneko bigarren postuan daude bizkaitarrak, baina 2015eko azken partidan egin bezala garaipena lortu nahi dugu. Orduan Atleticoren aurka partida handia egin genuen eta garaipena lortu. Hau beste zita garrantzitsu bat izango da: larunbata, urtarrilak 16, Azpeitiko kiroldegian, 18:30tan. Guztiak zaudete gonbidatuta.

Saskiratzaileak: Xabi Aldalur(-), Lur(10), Jakes(6), Unai(3), Irulegi(1), Ibarguren(6), Merketegi (10), Etxaniz (13), Astigarraga (9), Zabarte (-).