Errealitatea krudelegia da batzuetan

img

Liderrak arazorik nahi ez eta lehen minututik partida apurtu nahi izan du. Añaresek ikaragarrizko arazoak eduki ditu uztaira heltzeko ere eta azkenean jipoia jasotzen amaitu du (94-36).

Izaten dira partida batzuk aurretik ere jakin badakizunak ez zarela irabazteko kapaz izango. Batzuetan gauza arraroak gertatzen dira eta horren esperantza mantendu beharra daukazu, ahalik eta lehiakorren izanez, sorpresa baten esperoan. Baina azken aldian, mirariak ezta Lourdesen ez dira gertatzen.
Astean zehar Euroligako partida garrantzitsua jokatu eta irabazi arren, eta aurrean partidarik irabazi gabe zetorren azken sailkatua eduki arren, Perfumerías Avenidak hasieratik utzi nahi izan du argi gaurkoan ez zela ezustekorik egongo. Partida puskatzera irten da lehen segundotik eta etxekoen erausiaren kontra ezer gutxi egin ahal izan du Añares Rioja ISBk. Kanpotik Rodriguez eta Margineanekin eta barrutik Ndourrekin puntuak erraztasunez eskuratu dituzte Alberto Mirandaren neskek.
Talde hau dena irabazteko eraikita dago eta jokalarien maila beldurgarria da, baina gauza on bat daukate gainera, 20gatik, 30gatik edo 50gatik irabazten joan, defentsan egundoko intentsitatearekin jarraitzen dutela. Horren erakusle da bigarren laurdenean 2 puntutan utzi dutela Añares (18-2). Joseba Lizarralderenak lehen minutuetako urakana gelditu ahal izan dute nolabait eta jasotako puntu kopurua murriztea lortu dute, baina erasoan ezin biderik aurkitu egon dira, Garazik bakarrik sartu ahal izan duelako saskiratze bat. Jaurtiketa libreen marratik ere ikusi dute guztia beltz. Lehen laurdenerako guztia erabakita ez bazegoen (31-11), bigarrenerako jada ez zegoen zer eginik (49-13).
Mota honetako errepasoek askotan (beti ez esatearren) ez dute askorako balio, irabazleari, entrenamendu on gisa balio beharrean, gauzak errazegi ikusi eta tentsio jaitsierekin lesioak eta beste etorri ahal direlako. Galtzaileak berriz, inondik inora ezin duelako saskibaloiaz gozatu. Baina hirugarren laurdenak bide beretik jarraitu du. Gipuzkoarrak defentsa trinkoa mantentzen saiatu dira eta jasotako puntuak etxekoen kalitateagatik etorri dira gehien bat. Salamancakoak ere berdin jarraitu dute defentsan eta Iraurgikoek lortzen zituzten puntu bakoitza ondo izerditutakoa izaten jarraitzen zuen. Hiruko pare bat sartu ahal izan dute bai, baina erantzuna segituan etorri da marra beretik Rodriguezen edo Hernandezen eskutik (74-23). Azken laurdena saskiratze trukaketa bat bihurtu da. Etxekoen partetik minutu gehien jokatzen dituztenak aulkian, jokalari guztiek lortu nahi izan dute punturen bat Añaresekoek erreferentzi nagusi baten faltan, nola hala aurkitu dituzte saskiratzeak. Eiderren edo Naroaren hiruko bat… Markovicen barneraketa bat… Azkenean 94 eta 36. Talde handienek eta jokalari handienek txikienen aurka ere lan egin nahi izaten dute. Gaur horrela gertatu da. Añareseko jokalariek izarren aurka jokatu ahal izanaren sentsazioarekin bueltatu beharko dute etxera. Datorren astekoa beste kontu bat izango da.
Saskiratzaileak: (31-11/18-2/25-10/20-13)
PERFUMERIAS AVENIDA: Dominguez (5), Gemelos (3), Gidden (14), Marginean (15), Ndour (15) – Rodriguez (15), Kobryn (4), Vitola (6), Hernandez (13), Pedrosa (4).
AÑARES RIOJA ISB: Arregi (2), Epelde (2), Lizarazu (2), Davydova (2), Markovic (6)- Etxeberria, Uria (11), Bereziartu (3), Zubizarreta (8), Astigarraga, Gurrutxaga.