Laudorioak ahuldu egiten du

img

Calderería Pako ISBren porrota Ateltico San Sebastian donostiarren kontra: 67 eta 80.

Laudorioak ahuldu egiten du.Esaldi hau gaur egun ACBko entrenatzaile batek esan zuen behin eta larunbateko partida horren adibide garbia izan zen. Puntu bakar bat lehen bost minutuetan; ez zen seinale ona. Erritmorik gabe, asmatu ezinik eta orokorrean eman dezaketen mailatik urrun, Caldereria Pakokoek kanpotarrek erraztasunez nol saskiratzen zuten ikusi behar izan zuten, eta etxekoen erasoko prezipitazioaren aurrean, nola aldea zabaltzen zuten markagailuan lehen laurdeneko 10 eta 25era iritsi arte.

Bigarren laurdenean ere donostiarrek larunbatean erakutsi zuten nagusitasunak presente jarraitu zuen. 20 puntuko aldea zabaltzera ere iritsi ziren, Iraurgikoek erasoan zertxobait hobetu bazuten ere, defentsan zulo galantak uzten jarraitzen zutelako. Laurden honetan ere 20 puntu jaso zituzten guztira eta atsedenaldirako 25 eta 45 galtzen zuten.

Hirugarren laurdena izan zen goizeko onena Caldereria Pako ISBkoentzat. Puntu gehien sartu eta gutxien jaso zituen laurdena izan zen, 23 eta 15eko partziala eginda. Momentu batzuetan defentsan behar-beharrezkoa den intentsitatea berreskuratu zuten, horrek suposatzen duen guztiarekin: kontraerasoan saskiratzeak lortzeko aukera, lapurtutako baloiak… Laurden amaieran 12koa zen aldea Aietekoentzat (48-60).

Azken laurden hasieran berriz egin zuten alde kanpotarrek eta etxekoen esfortzuak abantaila murriztu eta 10etik jaisteko balio izan zuen arren, egia esan donostiarren garaipena ez zen arriskuan egon ezta momentu bakarrean ere.

Partida honekin amaitu da lehiaketako lehen fasea. Hurrengoan A-2ko taldeak A-1ekoekin elkartuko dira.