Irabazteko egun aproposa

img
roselis bueltan da

Igandean Añares Rioja ISBk bigarren itzuliko partidarik “eskuragarrienetako” bat jokatuko du. Urrun gelditzen da laugarren jardunaldiko 77 eta 53 hura, madrildarrek euren erasoko erreferentzia galdu dute eta ez dira sasoi onean iristen. Añaresek berriz, moralez gainezka egiten dio aurre partidari.

Emakumezkoen Lehen Mailako gure neskek atzean utzi dute Salamancan jokatu beharreko “via crucis”-a. Normala den moduan, Salamancakoek sekulako errepasoa eman ziguten eta gure espiritua ez zegoen hasi aurretik galdutako gudetan sartzeko. Aldea sekulakoa izan arren, Añaresek lehiatu zuen eta bere esentzia utzi zuen penintsulako emakumezkoen saskibaloiaren sehaskan.
CREFen aurka jokatutako lehen neurketan Añares gaur egun den taldetik oso bestelako bat zen. Ez zeukan bere identitatea definiturik eta ez zituen partidak sentsazio onekin amaitzerik lortzen, eta batez ere ez zuen 40 minututan lehiakor izaterik lortzen. Madrildarrak ere ez dira ordukoak, Besiktas turkiarrera Sandra Ygueravideren martxak eta Dajana Butulija eskolta serbiarra “moztu” izanak taldea kirol egoera zailean jarri du. Joko antolatzaile valentziarra zen taldeko saskiratzaile nagusia eta serbiarrak, Europako Txapelduna izanda ere, ez zuen jakin izan rol hori bereganatzen.
Lyndra Weawer-ek (1’85 m) berriz ez dio uko egin erantzukizun horri. Hegaleko amerikarra ligako ezusteko handienetako batean bihurtu da. Jokalari oso fisikoa eta bere jaurtiketak lantzen ondo dakiena, 1x1ekoan ia geldiezina eta erreboterako sekulako gaitasunarekin. Bere 34’26 minutuek, 15’6 puntu, 9’9 errebote eta 18’5eko balorazioak garbi uzten dute igandean gelditu beharreko jokalaria zein den.
Nina Bogicevic-en (1’80 m) etorrerak bizitza pixka bat eman dio CREFen eraso jokoari. Serbiar hegalekoa azaroan iritsi zen, erantzukizuna hartzen ari da taldean eta dagoeneko taldeko bigarren saskiratzaile nagusiena da. Kanoko jaurtitzaile fina, 1x1ekoan ere oso sendo jokatzen du. Nahiz eta defentsan ez den iaioegia errebote lanean lagundu ohi du. 7 partidatan lorturiko zenbakiak hauexek: 31’12 minutu, 14’6 puntu, 2’7 errebote eta 8’4ko errebotea. Ninak ondo ezagutzen du liga, hau baita bere hirugarren esperientzia jarraian lehiaketan eta bai Conqueron eta baita Caceresen ere zer esana eman zuen.
Promise Amumakara (1’73 m) eskolta nigeriarra ere kontutan hartzeko jokalaria da. Nahiz eta bere erasoko jokoan erabakigarria izaten ez den ari, ahalera handiko jokalaria da. Elitean bere lehen esperientzian partida bikainak jokatu ditu, baina baita kaxkarrak ere. Fisiko bikaineko jokalaria, talentu handikoa baina oraindik burua zentratu beharra daukana. 18’34 minutu, 7’3 puntu, 2’3 errebote eta 4’9ko balorazioa dira bere bataz bestekoak.
Shakeya Leary (1’90 m) da beraien bigarren jokalari baloratuena. Zona barruan beraien zutabea eta kontrarioak beldurtzeko duen gaitasuna ikaragarria da. Oso jokalari bizia da, korrika erraz egiten duena eta uztaitik gertu bi eskuekin saskiratzeko gaitasuna daukana. Duda gabe bere dohainik handiena uztaitik sartzen ez den oro errebotatzeko gaitasuna da. Bere zenbakiak: 23’07 minutu, 6’6 puntu, 9 errebote eta 11’4ko balorazioa.
Añaresek Roselis berreskuratu du, azkenean bere paper arazoak konponduta. Venezuelarra Azpeitian da dagoeneko taldeari falta zaiona emateko gogoz. Taldeak faltan bota du, baina argi dago bere absentzia ondo etorri zaiela jokalari batzuei aurrerapauso bat emateko, taldeak beharrezkoa duen gauza bat. Añares gosez da eta klubaren historiara pasa nahi du maila honetan lehen garaipena lortuz.
Bakarri ezin dugu ordea. Beste behin gure zale sutsuei dei egiten diegu harmailak berriz bete dezaten taldearen lehen errotazioa izateko. Gure neskak sekula baino gehiago animatu behar ditugu Iraurgin historia egin dezaten laguntzeko.
Aste honetan sekula baino gehiago… EGURRE AÑARES!!!