Ahal dela uste denean…

img
Etxekoak ezin bidea aurkitu ibili dira

Añares Rioja ISBk beste porrot mingarri bat jaso du, 8 minututan bakarri lehiakor izan eta gero (49-78).

Izaten dira partida aurreak, taldearen barruko eta inguruko giroagatik, aurkariagatik eta sentsazioagatik sorpresa egoteko moduan egon zintezkeela pentsatzera eramaten zaituenak. Bada, Añares Rioja ISBk horrelako zerbait bizi izan duen guztietan egurra jasotzen amaitu du. Gaur, CREF Holaren aurka historia errepikatu egin da. Izan ere, eta Joseba Lizarraldek esan bezala, Iraurgik alfonbra gorria jarri dio talde madrildarrari minutu askoan eta hauek, salbazioaren borrokan garaipen beharrean, ez dute erregaloa baztertu.
Aurreneko 15 minutuetan kanpoko taldea guztiz nagusi izan da. Berta Chumillasek ezarritako erritmoan jokatu da une oro. Joko antolatzaileak 6 partida bakarrik daramatza talde madrildarrean, minutu bila iritsi zen eta aurkitu ditu, baina gainera kalitatezkoa izaten ari dira minutu horiek, CREF Holaren motorrean bilakatu baita argi eta garbi. Weaber ere bere saltsan zebilen, errebotetxo bat hemendik, saskiratze bat handik… amerikarrak bere lanarekin izua zorrarazi du momentu oro eta Chamberikoek ihes egin dute markagailuan. Etxekoak defentsan gaizki eta erasoan okerrago, zona barruan (gaur bertan min egin zezaketela uste zuten) baloirik ezin jarri eta bakarkako jokaldiz josiak. Markovicek bakarrik lortu du markagailua pixka bat txukuntzea. Baina defentsa aldaketarekin bat etorri da gipuzkoarren erreakzioa. 22 puntu azpitik zebilen dagoeneko Añares, baina zonakako defentsan jarrita madrildarren erasoa trabatzea lortu du. Errebotea hobeto zaindu izan du eta horrela korrika gehiago eta hobeto egitea lortu du. Atsedenaldira 13 behera joan dira etxekoak, baina hirugarren laurdenaren hasieran azken minutuetan moduan jokatuz gero, madrildarrak urduri jartzeko aukera zutenaren sentsazioarekin.
Ikusleak bero jarraitzen zuten atsedenaldiaren ondoren, baina badirudi aldageletatik bueltak guztiz hotzitu dituela Añareseko jokalariak, lehen laurdeneko dinamikara itzuli baitira. Madrilgoek pixkat estutu dute eta etxekoen hutstik hutsera 20 puntuko aldea zabaldu dute berriz. Esperantza guztiak hor akitu dira, alde batetik, jokalari garrantzitsuek bakarka bilatu nahi izan dutelako lan egin taldean beharrean, eta horrek hondamendira bidali ditu; eta bestetik CREF Holak aurkariaren ahulguneak ikusita aginkada zorrotzagoak eman nahi izan dituelako, ez jaisteko borrokan oso baliagarri izan daitekeen basketaberage handi baten bila. Bogicevicen eskutik lortu du, azken laurdenera arte 4 puntu sartu arren, saskiratzeak lortzea aspertu egin baita. Eta lortzen ez zuenean, hor agertzen zen Leary, errebotea hartu (21 guztira!) eta saski azpian puntuak lortzeko. Marita Davydovak bakarrik lortu du egin beharreko lana egitea. Errusiarrak 20 puntu eta 10 erreboterekin amaitu du partida eta bere taldekideek aurkitu duten bakoitzean lortu du zerbait positiboa ateratzea. Baina argi dago, 1 bosten aurka, garaipena lortzea zail da benetan.
Gauza asko hobetzeko talde gipuzkoarrean hurrengo partidetara begira: bakarkako erabakiak alde batera utzi, jokalari garrantzitsuren bat fisikoki berreskuratu eta ahal dela pentsatu bai, baina talde moduan lan eginda bakarrik.
Animo neskak! Arratsalde txar bat edozeinek eduki dezake eta.
Saskiratzaileak: (12-24/14-15/11-20/12-19)
AÑARES RIOJA ISB: Arregi (6), Bereziartu (2), Lizarazu (3), Davydova (20), Markovic (7)- Uria (1), Epelde, Etxeberria, Astigarraga, Gurrutxaga.
CREF HOLA: Weaver (18), Leary (10), Bogicevic (18), Amukamara (9), Chumillas (12)- Rubene, Moreno (11), Lorenzo, Espin, Thompson.