Sufritu eta gozatu, biak bat

img

Añares Rioja ISBk porrot mingarria jaso du beste behin, baina minutu askoan aurpegia emateko kapaz izan da eta aurreko partidekiko hobekuntza bat somatu ahal izan da (89-48).

Partida hasi baino lehen Añares Rioja ISBk bazekien gaurkoan aurrean eduki dezakeen aurkaririk txarrenaren aurka jokatu behar zuela. Ez bakarrik bidai luze eta neketsua egin ebhar izan dutelako jokalariek, edota Cadí lehiaketako talde handienetako bat delako, baizik eta kataluniarrek egiten duten presio jokoari aurre egitea, gaur egun, sufrikario galanta delako gipuzkoarrentzat.
Soilik partida hasiera ikusi beharra dago Añaresek zer egin gutxi zuela ikusteko gaur. Stanacevek markagailua estreinatu du bi hiruko jarraian sartuta eta defentsan etxekoek Añaresen baloi irteera ito dute behin eta berriz, baloiak erraz lapurtuz eta saskiratzeak oraindik eta errazago lortuz. Kanpokoen uztaiak estolda-zuloa zirudien, baloiak borborka hartzen zituena. Izan ere, kataluniarrek momentu oro eduki dute erreferentziren bat erasoan. Stanacev hasi da, Belen Arrojok jarraitu du eta honi Nicole Romeok hartu dio txanda. Presioa apurtu ahal izan duen momentu urritan bakarrik atera du zerbait positiboa Añaresek. Estatikoan jokatu dutenean ere eduki dute aukerarik, baina uztai azpian bakarrik egonda ere ez dute asmatu baloia sartzen (38-11). Bigarren laurdenean lortu du Iraurgik jasotako puntu isuria lehortzea eta minutu batzuetan aurkariarekin zein baino zein gehiago ibiltzea lortu du, baina azken momentuetan berriz itzuli dira huts tontoak eta batez ere errebotea ezin itxi izatea. Azkenean atsedenaldira 51 eta 19 iritsi dira.
Ez dirudi aldageletako buelta gaziki etorri zaionik Añaresi, edo agian gaizki Cadíri etorri zaio, guztia galduta duela jakinda ere, borrokan segi nahi duen talde batengatik gainditua ikusi baita. Erasoko erreboteek bakarrik eman diote nolabaiteko bizitza etxekoei, baina Iraurgi, pazientziarekin jokatuz erasoan aukera onenak topatzeko gai izan da eta defentsan erakutsi duen oldarkortasunari esker baloi bat baino gehiago berreskuratu ahalizan du. Markagailuako distantzia gaindiezina zen, baina gutxienez taldeari saskibaloiaz gozatzen ikusi ahal izan zaio. Denbora zen partzial bat irabazten ez zela eta gaur lortu da (13-16). Roselisi ez zaio ondo etorri geldi egondako denbora, argi dago, urte amaierako txinpartarik ez du dagoeneko, baina jokoan sartzen denean taldeak nabari du. Modu berean nabari du baita davydovak bere hoztasuna alde batera utzi eta uztai azpian borrokan hasten denean. Erreferentziak beti etortzen zaizkio ondo taldeari, beti ere erreferentzi horiek beraientzat soilik jokatzen ez badute. Iraurgikoek markagailuko presioa gainetik kendu dute eta lehiatzen hasi dira. Hobeto edo okerrago irten ahal izan zaie, baina behintzat aurkariari han zeudela esateko kapaz izan dira. Azken minutuetan bakarrik, eta dena erabakita zela, amaitu dute besoak jaisten etxekoen presio etengabearen aurrean. Horrek markagailuko diferentzia bigarren zatiak merezi ez zuen handitze batera eraman du. Logikari jarraituz gaur beste porrot mingarri bat jasotzea tokatzen zen, eta horrela izan da, baina bigarren zatian behintzat aurreko partiduekiko aurrerapauso bat ikusi ahal izan da taldearengan. Eta hori oso garrantzitsua izan daiteke etxean jokatuko duten Campus Promete talde errioxarraren aurkako hurrengo partidarako. Azkenean 89 eta 48.
Saskiratzaileak: (38-11/13-8/13-16/25-13)
CADÍ LA SEU: Stanacev (11), Abalde (8), Arrojo (18), Pérez (2), Gil (11) – Vilaró (2), Romeo (22), Montoliú (7), Bahi (8).
AÑARES RIOJA ISB: Uria, Etxeberria, Davydova (12), Silva (14), Markovic (11) – Arregi, Bereziartu (3), Zubizarreta (4), Lizarazu (2), Astigarraga (2).