Glual ISB 67 – 50 Unamuno

img

Euskal Ligako gure junior mutilek ondo hasi dute txapelketako bigarren fasea. Azkoitian Lauko Finalean egoteko hautagai nagusietako bat denaren aurka garaipen handi bat lortu zuten.

Seigarren minutura arte Glualek Unamunok ezarritako erritmoan jokatu behar izan zuten, bai defentsan eta baita erasoan ere. Arrutirenek indarrik gabe, galduta hasi zuten partida, behartu gabeko akats asko eginez eta erasoan efikaziarik erakutsi gabe. Baina elortzak lortutako hiruko batek 9 eta 2ko partzial bati hasiera eman zion eta horri esker Glualek lehen laurdena irabaztea lortu zuen (15-12). Taldea defentsan lanean hasita zegoen eta erasoan ere duen abilezia erakusten hasia zen.

Bigarren laurdenak lehenaren antza eduki zuen: Glualek tenkatu gabeko defentsa eginez eta bizkaitarrei eroso eraso egin zezaten utziz, eta erasoari dagokionez jaurtiketa errazenak bilatu eta topatu gabe. Beste behin seigarren minututik aurrera taldea biziberritu egin zen defentsan eta horrek erasoan korrika egiteko aukera eman zion. 19 eta 12ko partziala gure mutilentzat. Jaurtiketa libretan guztia asmatzeak ere (4/4) abantaila handitzea ahalbidetu zuen eta atsedenaldira 10eko aldea zuten etxekoek.

Atsedenaldiaren ondoren gauzak ez ziren gehiegi aldatu. Unamunok estutu egin zuen eta gure jokalarien dispertsioa aprobetxatu nahi izan zuen, baina uztaira begira ez ziren finegi ibili eta horrek markagailuan gerturatzea ekidin zien. Berriz ere zorigaiztoko 6. minutua iritsi zen kanpotarrentzat eta berriz ere Glual esnatu egin zen. Unamunok ez zuen punturik lortu azken lau minututan eta gure mutilek ia erabakita utzi zuten neurketa. 16 eta 9ko partziala Iraurgirentzat.

Azken laurdena presente zeudenen gozamenerako izan zen. Atzeko lanerako gogo gehiegirik gabe bi taldetako jokalari guztiek erasoan jarri zuten euren esfortzu guztia. Saskiratze trukaketa paregabea berdinketan gelditu zen (17-17).

Datorren asteburuan taldeak Gasteizera joko du txapelketako faborito nagusia den Fundación 5+11 (Baskonia) taldearen kontra jokatzera.

Egurre Glual!!!!