Iragana biziberritzeko borrokan

img

Sammic-ek Galiziara egingo du bidaia, sailkapeneko postu zailetatik irteten saiatzen ari den Xuven Cambadosen aurka jokatzeko. Atzean gelditu da pasa den denboraldi arrakastatsua, atzean gelditu da O Pombal ezinezko plaza zenekoa. Xuveni uste baino gehiago sufritzea tokatzen ari zaio.

Cambadoseko taldea goiko postuetan egoteko hautagaietako bat zen denboraldi hasieran. Kiniela guztietan goi postuetan agertzen ziren baina errealitatea bestelakoa izan da, talde on bat eduki arren, emaitzak ez direlako nahi moduan iritsi. Galiziarrak laugarren jardunaldian etorri ziren Azpeitira jokatzera eta Iker Buenoren mutilek gogor borrokatu behar izan zuten garaipen on bat lortzeko (88-76). Beste garai batzuk ziren eta Xuven momentuko bi talde indartsuenen kontra (Coviran Granada eta Aceitunas Fragata) justu justuan galtzetik zetorren.

2016a ere ez da beste munduko hasiera izan emaitzei dagokienez. Bi garaipen eta bi porroteko balantzeak argi uzten du taldeak oraindik ez duela lortu pasa den denboraldian goi postuetan egoteko eduki zuen erregulartasunik. Nahiz eta Zornotzan puntu bategatik irabaztea lortu (102-103), hurrengo bi partidetan galtzea egokitu zitzaien. Pasa den asteburuan garaipen garrantzitsua lortu zuen Morongo kantxa zailean (79-84).

Joel Freitas Almeida (1’94 m) da Xuveneko tiratzailea. Eskolta portugaldarra da taldeko saskiratzaile nagusia eta sasoi puntu bikainean dago. Barneraketetan trebea, distantzia ertain eta luzean jaurtitzaile iaioa, erasoko bataz beste oso onak izaten ari da. Horretaz gain defentsan ere lan egiten duen jokalaria da eta horren erakusle taldeko errebotetzaile nagusia dela. 25:25 minutu, 15’2 puntu, 5’6 errebote eta 16’8ko balorazioa.

Max Hopfgartner (2’06 m) eta Alberto Rodriguez (2’06 m) dira barruko jokoko erreferentzia nagusiak. Australiarra 11’9 puntu sartzen eta 5’3 errebote ari da eskuratzen partidako eta madrildar beteranoak 11’1 puntu eta 3’5 errebote. Biak ala biak dira oso eraginkorrak uztaitik gertu, baina zenbat eta gehiago urrundu orduan eta arazo gehiago dituzte puntuak eskuratzeko.

Adrian Chapela (1’92 m) joko antolatzailea eta Sergi Quintela (1’85 m) eskolta dira larunbatean gelditu beharreko kanpoko jokalariak. Joko antolatzailea sekulako denboraldia egiten ari da eta saskiratzeak erraztasunez lortzen ari da gainera (9’4 puntu, 3’3 asistentzia). Nahiz eta aurreko jardunaldian ez zuen bere egunik onena eduki, eskolta ere kate motzean lotu beharrekoa da (9’4 puntu, 2’1 errebote).

Sammicek ilusioz josita egingo du bidaia eta partidari aurre egin nahi dio goiko postuetan irmoki finkatzeko asmoarekin. Handikeriarik gabe, Iraurgikoak nahiko urte hasiera gozoaz disfrutatzen ari dira (1-3), eta euren partidak aurrera ateratzen ari dira defentsan erregulartasun sendoa erakutsita.

Larunbatean 18:00tan norgehiagoka CANAL XUVEN-en bitartez egongo da ikusgai.

(https://www.youtube.com/user/xuvencamba2)

Egurre Sammic!!!!