Dagoeneko hiru dira (63-76)

img
ARGAZKIA: La Voz de Galicia

Sammic-ek garaipen oso garrantzitsua lortu du O Pombalen. Nahiz eta gaizki hasi eta aldatz gora zegoen markagailu bati buelta eman behar izan, gure mutilek playoffetara begira oso garrantzitsua den garaipena eskuratu dute. Sandi Marcius, bikain, partidako MVP-a izan da 33ko balorazioarekin.

Xuvenek egurra eman dio Sammic-i partidako aurreneko minutuetan. Galiziarren modu ikusgarria hasi dute lehen laurdena eta ezin arrankatu zebilen Iker Buenoren taldea ederki kastigatu dute. Defentsan erakutsitako oldarkortasunak eta joko bertikalak (sekulako efikaziarekin gainera), beldurra eragin dute gure mutiletan, buru makur joan direlarik aulkira lehen hutsartean. Baina Sammic-eko motorra funtzionatzen hasi da Marciusen eskutik. Pibotak lidergoa hartu du erasoan eta bi zonatako errege bihurtu da, bere 5/4koa jaurtiketetan eta 6 erreboteak Xuvenen kemena gelditu dutenak izan dira. Nahiz eta Iraurgik erreakzionatu, lehen partziala etxekoen aldekoa izan da: 24 eta 16. Jasotako puntu gehiegi eta defentsan arazo asko konpontzeko.
Bigarren laurdenean gauzak parekatu egin dira kantxa gainean, nahiz eta galiziarrek jarraitu duten markagailuan agintzen. Atzeko lana hobea izan da, taldeak laguntzak gehiago estutzen jakin izan du eta 1x1eko defentsan ere askoz intentsuago ibili da. Gainera errebotea kontrolatzera ere pasa da, nahiz eta baloi galduek nahi baino sari txikiagoa jasotzera eraman gaituzten. Sammic hazi egin da, baina ez du lortu markagailuan aurre hartzerik. Semple piztu egin da erasoan eta horri esker asko gerturatu da markagailuan. Hegal-pibotak Marciusi lekukoa hartu dio eta indarra galtzen hasia zen etxeko taldeari beldurra sorrarazi dio. 15 eta 20ko partziala alde eta 3 behera aldageletara.
Xuvenen bi erasoko jokaldi onek berriz ere alde egiteko aukera eman die galiziarrei, baina gure mutilak dagoeneko prestatuta zeuden erronkari aurre egiteko. Sammicek bere defentsa gogortu du (pase marrak zaintzen ezin izan du lan hobea egin) eta gainera korrika egiten hasi da, etxeko taldea gainetik pasatuz. 1 eta 13ko partziala behingoz markagailuan agintzen jartzeko. Galiziarrak indarra galtzen hasi dira modu arriskutsuan eta hutsak bata bestearen atzetik egiten hasi dira. Gipuzkoarrak berriz erreboteko lan bikaina egin dute, Semple eta Marcius jaun eta jabe izan direlarik aspektu horretan. Bigarren aukerek min ikaragarria egin diete etxekoei eta hirugarren laurdenean galtzaile irten dira baita ere: 10 eta 16. Hoyo, etxekoen entrenatzailearen aurpegiak ez zuen kolore onik, Iraurgi 3 goitik zela erakusten baitzuen markagailuak.
Minduta zegoen Xuven eta zuen guztia emanez markagailua estutu du. Freitasek lortu du partida guztian zehar aurkitu duen horma apurtzeko kapaz izan da eta bere taldea bizkar gainean hartu du garaipenaren bila joateko. Baina Sammic-ek ez zuen hirugarren garaipena erreskadan lortzeko aukera galdu nahi, defentsan berrantolatu da eta partidako kontrola bereganatu du berriz. Marciusik onena ikusi dugu erasoan eta galiziarren borrero bihurtu da, bederatzi puntu jarraian lortuta, partida eta etxekoen morala apurtu dituelako. Galiziarrak konorterik gabe utzita, Iraurgi saskibaloi gustagarria egiten hasi da, oso zail jarri zaien partida aurrera ateratzeko puntuan zeudela jakinda, lehiaketako talde onenekin mantenduko duen garaipen bat lortzeko puntuan zeudela jakinda. 14 eta 24ko partziala gure mutilen alde.
Garaipen handia, morala gainezka jartzen diguna, baina itsutu behar ez gaituena. Umiltasunak eta lanerako gogoak jarraitu behar du izaten gure zigilua, partidaz partida, astez aste.
Egurre Sammic!!!!
SASKIRATZAILEAK: 24-16 / 15-20 (39-36) / 10-16 / 14-24
XUVEN CAMBADOS: Chapela (2), Freitas (17), Rodríguez (3), Orellano (11), Baru (6), Hoffgartner (9), Quintela E (4), Díaz (3), Quintela S (6), Callaghan (2)
SAMMIC ISB: Oroz (2), Arenaza (5), Sarasola (2), Cirkovic (10), Gutiérrez (7), Maiza (2), Segurola, Guridi (7), Skouen (2), Semple (18), Marcius (21)