Autocares Ulacia 68 – 32 Tabirako

img
Nerea Soraluze (11 ptos / 8 reb)

Euskal Ligako kadete neskek aurreikuspenak bete eta Tabirako talde bizkaitarra garaitu zuten Azpeitian. Iraurgikoek atsedenaldiaren ondoren partida erabakita utzi zuten. Bitik bi Xubiren neskentzat eta Gernika eta Easorekin batera lehiaketako lehen postuan.

Ulaciak gogor hasi zuen neurketa eta segituan ezarri zion nahi zion erritmoa. Defentsan erakutsitako intentsitateak baloi asko lapurtzea ahalbidetu zion eta saskiratze errazak lortu zituen. Tabirakok arazo asko izan zituen defentsako lanean, eta balantzea egiterako orduan ere ez zen fin ibili. Erasoari dagokionez ere, arazo franko, bosgarren minutura arte ez baitzuen markagailua estreinatu, izan ere gure nesken presioak min izugarria egin zion. 16 eta 9ko partziala Ulaciaren alde.

Tabirakok erreakzioa bilatu nahi izan zuen bigarren laurdenean. Iraurgikoek defentsan erreskadan bi huts egin eta bost puntu sartu zituzten bizkaitarrek, baina Nerea Soraluzek lorturiko saskiratze batek 8 eta 0ko partzial bati eman zion paso eta gure neskak oraindik eta gehiago aldendu ziren. Ulaciaren defentsako erlaxazioak azken minutuan kanpokoei aukera eman zien partzialean garaile irteteko (10-13) eta aldageletara esperantzaz josita joatekoa, 26 eta 22koaz. Beste munduko ezer egin gabe, bizi-bizi jarraitzen duten.

Baina atsedenaldiaren ondoren gure nesken jokorik onena ikusi ahal izan zen. Aldageletatik gauzak bere lekuan jartzeko gogoz irten ziren, ezustekoari lekurik uzteko asmo gabe. Defentsa estutu egin zuten topera eta kanpotarren esperantza guztiak zaborretara bota zituzten. Bizkaitarrek apenas egin zituzten erasoko jokaldiak eta bi laurdenetan 10 puntu sartzea besterik ez zuten lortu. Ulaciak estutzen jarraitu zuen partida erabakita eduki arren, taldeak partida on bat egiteko gogoa zuen eta lortu zuen. Gure kadete neskek lorturiko partzial ikaragarriak 18 eta 4 eta 24 eta 6 izan ziren.

Datorren astean Ulaciak Gasteizera egingo du bidaia Araskiren aurka jokatzeko (larunbata, goizeko 10:00tan).

Egurre Ulacia!!!!