Ciudad de Valladolid

img

Gaurkoan lizentzia bat onartu beharko didazue. Gaurkoa “ezinezko” kirol proiektu batekin ilusionaturik dagoen pertsona baten prebia irakurriko duzue. Zilarrezko Leb ligan Sammicen esperientzia gipuzkoarra goraipatzeko zerbait da. Playoffak ziurtatzeko garaipen gutxiren faltan. Bailarako saskibaloiarentzat denboraldi zoragarria.

Gure kontrarioa jokalari batzuk edo estatistika batzuk baino gehiago da. Hiri baten saskibaloia, estatuko hirugarren mailara kondenatua. Kirol gestioan huts asko egindakoak, zerua ukitzetik infernura paseak. Gaur egungo proiektua zaleen bizipenak berreskuratu nahian dabil, Valladoliden saskibaloiak iraun dezan sekulako borroka eginez, betiko hil ez dadin. Bertako kantxa mitikoak bizitza berreskuratu du. Taldeak etxeko jende asko dauka eta horrek erakarri egiten du.

Sergio De La Fuente zen (edo da) taldeko jokalari “frankizia”. Iraurgiko zaleek ondo ezagutzen dute jokalari hau eta egia esan sekulako denboraldia burutzen zebilen. Duda gabe lehiaketako jokalaririk onenetako bat, zona barruko erregetako bat. 30:04 minutu, 20’4 puntu, 10’4 errebote eta 23’5eko balorazioa ziren bere zenbakiak, baina belauna txikituta, kantxetatik kanpo egongo da denbora luzez.

Sota Gelazonia (2’07 m) da zona barruko erreferentzia nagusia orain. Georgiarra oso denboraldi ona burutzen ari da, lehiaketan lehena dela kontutan hartuta gainera, eta momentuan taldeko saskiratzaile nagusia dugu (De La Fuente kenduta noski). Borrokalaria eta uztai ondoan mugimendu politak erakusten dituena. 26:09 minutu, 11’4 puntu, 7’3 errebote eta 12’8ko balorazioa.

Valladolid nahiko indartsu hasi zen lehiaketa, baina indar apur bat galdu duela esan daiteke. Baliteke liderraren galerari aurre egitea kostatzea, izan ere, psikologikoki egoera gogorra izan daiteke. Baina talde ona da, edozein momentutan berpiztu daiteke eta ziurrenik gainera kanporaketetan egoten amaituko du.

Benetan desio dudana da, talde hau igande honetan ez esnatzea, guk garaipena lortzeko gai izatea, eta ondo lortuta gainera. Izan ere, onenen artean bere lekua bilatzen ari den talde honek egiten ari den lan eskergari saria jasoko luke. Gure entrenatzaileentzat saria litzateke. Iraurgirentzat litzateke saria.

Gaur egun gipuzkoar proiektu batengatik apustua egitea sekulako erronka zen, baina oraingoz ondo funtzionatzen ari da. Emaitzei eta jokoari dagokionez maila ematen ari gara, nahiz eta partida gehienetan oraindik onena etortzeko dagoela pentsatzen amaitzen dudan. Eta ameslaria naizen aldetik, nolabaiteko urduritasuna sortzen dit Iraurgiren partidarik onena igande honetan Brico Depot Ciudad de Valladoliden aurka jokatuko duena izatea posible dela pentsatzeak, jokalari guztiek solte jokatu eta Iraurgi esentziaz gozatzeko aukera hor dagoela jakiteak.

Semple eta Marcius gure taldearentzat oso erreferentzia garrantzitsuak dira, La Voz de Galiziak esaten zuen bezala zona barruko “tiranoak”. Ziur nago beraiek euren lana beteko dutela, sasoi bikainean daude eta oso ondo moldatzen dira elkar. Guridi da talde honen arima eta igandean berretsiko du, kale egiterik ez duen partida horietakoa baita.

Baina nik nahi dudana Skouen eta Arenaza 20 puntu egiten ikustea da. Maiza eta Gutierrezen joko gidaritzaren esentziaz disfrutatzea nahi dut. Segurolak zorte pixka bat gehiago izan dezan behartuta jaurti behar izaten dituen jaurtiketa horietan eta Sarasolak ere erasora jo dezala. Cirkovic zur eta lur utzi nazala berriro bere punteriarekin.

Badakit defentsan lana erruz egingo dutela berriz. Uztai ondoko borroka latza izango dela dirudi. Taldeko gainontzeko jokalariek eman dezaketen plusa defentsan ezinbestekoa izango da.

Gustatuko litzaidake, nola ez, harmailak hasierako saltotik taldearekin topera egotea. Pasioz beteriko harmaila batekin gozatu nahi dut, beroa eman dezan eta gure mutilen lana estimulatu dezan. Azpeitian aurrera ateratzen ari den Label gipuzkoarra duen proiektu honi daukan balorea eman nahi eta ematen dion jendez beteriko harmaila bat.

Hemendik aurrera etxean jokatuko diren partidak erabakigarriak izango dira taldeak dituen aukerak zehazteko. Laugarren garaipena erreskadan lortzea ikaragarria litzateke. Lehiaketako momentu horren garrantzitsuan, faboritoen postuak definitzen hasi direnean, boladarik onena lortzea, umilen lanari sari litzateke.

Uste dut kiroldegia bete beharra daukagula igande honetan. Uste dut Iraurgiren eguna izango dela.

Pena litzateke egun hori galtzea.

Egurre Sammic!!!!