Laugarrena erreskadan (83-80)

img
Ibón Guridi (7 puntu / 4 errebote)

Brico Depot Valladolid zen partidako garailea amaitzeko 4 minuturen faltan. Markagailuan gora eta kantxan agintzen, Sammicentzat gauzak oso ilun jarrita. Baina Iker Buenoren mutilek gaurkoan duintasun lezioa eskaini ziguten eta buelta eman zioten markagailuari. Marcius izan zen MVP-a 23 puntu, 8 errebote eta 26ko balorazioarekin.

Sammicen hasiera oso ona izan zen jokoaren aspektu ia guztietan. Bere defentsa gogorra ezarri zuen eta erasoan Valladolidekoen biguntasuna aprobetxatu zuen. Iñaki Marinenak ez zuten partidan eroso egotea lortzen eta aldaketek ere ez zioten taldeari behar zuen intentsitatea eman. Defentsan errebotea zaintzen zuten eta gutxi gehiago, laguntzak egiterako orduan galdurik (beti segundo bat berandu) eta 1x1eko defentsan sendotasunik erakutsi gabe. Erasoan bataz bestekoak oso txarrak izan ziren gure defentsak oso jaurtiketa eroso gutxi utzi zizkielako egiten. Marciusek eta Segurolak hartu zuten lidergoa erasoan gure taldearentzat eta oso minutu onak eskaini zizkiguten kantxan. 16 eta 10eko partziala laurden on bat egin zuen Sammicentzat.
Baina lehen laurdenean erakutsitako defentsa sendoa guztiz desagertu zen bigarrenean. Iraurgik arazo latzak eduki zituen blokeo zuzenak pasatzeko eta Arturo Fernandezek egundoko mina egin zuen hiruko marratik (4/3). Valladolid partidaren kontrolaren jabe egin zen eta erasoan errepasoa eman zigun guztiz galduta zebiltzan gure jokalarien pasibotasuna aprobetxatuz. Gure kanpoko jokalariek ez zuten bat ona egin, inor ez zen bi jokaldi on jarraian egiteko kapaz izan, eta Arenazak eta Maizak bakarrik erakutsi zizkiguten kalitatezko detaileren bat edo beste, baina defentsan, laurdena, ahazteko modukoa izan zen. Marcius nekaezinak jarraitu zuen gure erasoko erreferente izaten eta kanpokoen indarra pixka bat txikitzeko kapaz izan zen bakarrak izan zen, gutxienez, beraien barruko jokalariak ongi kontrolaturik eduki zituen eta hauek ez zuten erasoari begira min handirik egin. 20 eta 25 Valladoliden alde, atsedenaldira moralez topera joan zena (36-35), Ikerren ardura eta haserreak nabariak zirelarik.
Atsedenaldiaren ondoren Sammicek hartu zuen aginte makila kantxan. Defentsan askoz serioago eta kontzentratuago. Atzeko arazoetako asko konponduta eta Marcius bikain batekin, taldeak markagailuko aldea zabaltzeko aukera bazeukala ematen zuen. Valladolidek hala ere, pazientziarekin jarraitu zuen lanean eta bere momentua iritsi zen. Grahamen bi birrintze ikusgarrik eta Javi Gonzalezen (euren azken fitxaketa) minuturik onenek markagailuan aurretik jartzea ahalbidetu zien. Marcius aulkian eta Semple desitxuratu batekin kantxaz, beraien barruko jokoa gainetik pasa zitzaigun. Skouenek bakarrik mantendu zuen bere taldea bizirik, norvegiarrak bere minuturik onenak jokatu baititu taldeak gehien behar zuenean. Eskandaluzko 20 eta 31ko partziala puzelarrentzat, markagailuan 10eko aldea lortuz gainera. Sammic guztiz galduta aurkitzen zen eta aurkariari min egiteko aukera gabe ikusten zitzaion. Panorama beltza azken 10 minutuak jokatzeko.
Azken laurdeneko lehen minutuak ere bide beretik joan ziren, Ciudad de Valladoliden menpe. Arturo Fernandezen hiruko berri batek 14ko aldearekin jarri zituen markagailuan eta gure jokalariak erreakzionatu gabe jarraitzen zuten; garaipena Azpeititik ihes egiten zebilen. Orduan agertu zen Gaizka Maiza. Ibarrakoak erantzukizuna hartu zuen erasoan eta bere bi hirukok taldea eta harmailak piztu zituen. Ikerrek planteaturiko defentsa suizida errentagarria izaten hasi zen eta desabantaila txikitzen joan zen gutxika-gutxika. Laurdenaren erdialdean 69 eta 78koa erakusten zuen markagailuak eta bazirudien Valladolidek ez zeukala urduri jartzeko asmorik etxekoen bultzadaren eta beterik zeuden harmailen animoen aurrean. Guridik eta berpiztutako Semplek erasoko euren minuturik onenak eskaini zizkiguten eta frantziar-amerikarraren hiruko batek 80nnako berdinketa ezarri zuen. Iñaki Martinek bere jokalarien erreakzioa bilatu zuen, baina ez zuen aurkitu. Sammicek zuen guztiarekin defendatu zuen kanpokoen azken hiru erasoetan eta jaurtiketa libreen marratik laugarren garaipena erreskadan eskuratu zuen.
Marcius MVP, baina Gaizka Maizak egundoko partida egin zuen (16 puntu eta 15eko balorazioa). Xabi Oroz (12ko balorazioa) eta Ibon Guridi (13ko balorazioa) ere ezinbestekoak izan ziren markagailuari buelta eman ahal izateko.
Datorren astean Granada. Sei garaipen jarraian daramatzate eta lehiaketa hasi zenean zuten espiritua berreskuratu dutela dirudi. Kantxa zaila eta aurkari zaila… hala ere, bosgarrena segidan lortzeko toki polita izan daiteke Granada.
Egurre Sammic!!!!
SASKIRATZAILEAK: 16-10 / 20-25 (36-35) / 20-31 / 27-14
SAMMIC ISB: Sarasola (2), Oroz (5), Arenaza (4), Cirkovic, Gutiérrez (4), Maiza (16), Segurola (4), Guridi (7), Skouen (7), Semple (11), Marcius (23)
VALLADOLID: Gelazonia (9), González (2), Gillespie (3), Lobato (8), Izquierdo (2), Fernández (12), Astilleros (5), Pérez (10), Graham (16), González J (13)