Dagoeneko lau lortu ditu jarraian Zurtek (54-53)

img

Probintzial mailako neskak bolada ikusgarrian daude eta pasa den ostiralean ere irabazi egin zuten,Aldapeta talde donostiarraren aurka, puntu bakarragatik izan bazen ere. Infartua emateko moduko amaieran gure neskek gehiago asmatu zuten, Aldapetak ordea, azken hiru minututan ez zuen punturik lortu.

Aldapetak izan zen markagailuan agintzen lehen laurden guztian. Gure neskak baino zentratuago egon ziren defentsako lanean eta erasoan ere efikazia ona erakutsi zuten, zazpigarren minutuko 3 eta 11ko markagailuak erakusten duen moduan. Zurt defentsan sufritzen zebilen eta erasoan ere ez zuen pazientziarekin jokatzen jaurtiketa erosoenak topatu ahal izateko. Pixka bat piztu ziren laurden amaieran gureak erasoan eta horri esker markagailuko distantzia txikitzea lortu zuten, nahiz eta lehen laurden hau 11 eta 19koarekin amaitu zen.

Bigarren laurdenean donostiarrek alde egin zuten markagailuan (+12), Zurtek ez baitzen beharrezkoa zeukan erreakzioa aurkitzeko kapaz, ezta aldaketekin ere, aulkitik irtendakoek ez baitzuten pizgarri moduan funtzionatu. Baina bigarren minuturako Iraurgikoen defentsa funtzionatzen hasi zen. Defentsan laguntzak agertzen hasi ziren eta errebotea kontrolpean edukitzeak jokoaren jabe egitera eraman zuen etxeko taldea. Korrika eginez saskiratze errazak lortzen hasi zen taldea eta estatikoan jokatu behar izan zuenean ia ez zuen hutsik egin, izugarrizko efikazia erakutsi baitzuen. Donostiarrak blokeatu egin ziren eta euren lekua guztiz galdu zuten kantxan. 21 eta 8ko partziala gure taldearentzat, 5eko abantailarekin joan zelarik aldageletara (32-27).

Atsedenaldiaren ondoren bi taldeen jarioa erasoan desagertu egin zen. Defentsak gogortu ziren heinean eraso estatikoek protagonismoa hartu zuten. Aldapetak zertxobait gehiago asmatu zuen eta abantaila murrizten hasi zen hirugarren laurdeneko azken minutuan 40nako berdinketa ezarri zuelarik. Iraurgi jaurtiketa libre bat eta bozina joka zuela azken saskiratzea lortu zituen eta horri esker markagailuan agintzen jarraitu zuen (43-40). 11 eta 13ko partziala kanpokoen alde.

Bazirudien uztaira begirako efikazia txarrak Zurt kondenatzen amaituko zuela. Defentsan egindako lan itzelak ez zuen saririk aurrean. Donostiarrak hazi egin ziren eta 2 eta 11ko partziala eginda aurretik jarri ziren markagailuan. Baina guztia kontra zutenean, Iraurgi espiritua atera eta Aitor eta Kereren berriz egin zuten balentria. Azken bi minutuetara 5 behera zirela iritsi ziren. Bereziren bi saskiratze jarraian eta Aldapeta ezin erantzunik bilatu gabe aurkitu zen, alde minimoarekin eta lekua guztiz galduta. Hutsarte baten ostean Elenak garaipeneko saskiratzea lortu zuen eta gure nesken poz garrasiak ikustekoak izan ziren. 11 eta 13ko partziala donostiarrentzat, sari txikia laurden guztian garaipena esku-eskura eduki zuen talde batendako.

Zurtek garaipenak batzen jarraitzen du tituluaren borrokan egon zitekeen talde bat dela erakutsiz.

Zorionak!!!!