Luzapenean eta asko sufritutako garaipena azken sailkatuaren aurrean

img

Errotaundi ISB luzapenean lorturiko garaipen estu batekin bueltatu zen etxera.

Larunbatean jokatutako partidak partidu tranpa izateko karakteristika asko zituen beregain: denboraldi guztian zehar partida bakarra irabazteko kapaz izan den azken sailkatuaren aurka jokatu, taldeko bajak, bla bla bla… hitz txatxuak edo nahi bezala deitu. Larunbateko arratsalde amaieran aurkariak erakutsi zuen zergatik zen tranpa, eta horrelako mailan jokatuta zaila da benetan ulertzen partida bakarra nolatan irabazi duen.

Lehen laurdena oso parekatua izan zen, markagailuan batzuk goitik orain eta gero besteak ibili zirelarik, bi taldeak ahalegindu baitziren nagusi izaten. Etxekoek Iraurgiko defentsaren hutsuneak kastigatu zituzten eta nahiko libre jaurtita lortu zituzten euren puntuak. Laurden amaieran, gure taldearendako abantaila minimo batekin amaitu zen:18 eta 20.

Bigarren laurdenaren hasierarekin Errotaundi markagailuan ihes egiten saiatu zen, 6 puntuko aldea ere zabaldu zuen (21-27, 14. Minutuan), baina Bergarakoek segituan murriztu zuten aldea eta atsedenaldia iritsi zenean 4 puntu gora bakarrik ziren kanpokoak (30-34).

Aurreko laurdenean moduan Iraurgi bere aurkaria baino hobeto irten zen kantxara eta zazpi puntuko aldea izatera iritsi zen (31-38, 22. Minutuan), baina 16 eta 2ko partzial batek etxekoak jarri zituen markagailuan agintzen. Errotaundikoak deseroso zeuden partidan, baina euren buruak markagailuan atzetik ikusteak alarma guztiak piztu zizkien. 1x1eko defentsa eskasa izaten ari zen eta Bergarakoek akats bakoitza kastigatu zuen. Hori bakarrik ez, jaurtiketa libreen marratik ezin asmatu ibiltzeak gure jokalariak desesperatu zituen. Hala ere, hiruzpalau defentsa oni esker, laurden amaieran desabantaila 3 puntukoa soilik izatea lortu zuten (52-49).

Azken laurdenak aurrekoaren antza handiarekin hasi zen. Errotaundik ez zuen erosotasunik lortzen jokoan, 6 minutu eman zituen saskiratzerik lortu gabe eta Soraluce Bergara Kek 7 puntuko abantaila hartu zuen (62-55, 35. Minutuan). Iraurgikoek erreakzioa bilatu behar zutela ulertu zuten. Bere uztaira bidea itxi zuten, hurrengo bost minutuetan 4 puntu bakarrik jaso zituzten eta gutxika diferentzia txikitzea lortu zuten. 34 segundoren faltan 3 behera zirela eta baloi jabetza etxekoendako zela, granateei falta adierazi zieten. Bergarak lehen jaurtiketa bakarrik sartu zuen eta hurrengo jokaldian, 10 segundoren faltan, 3+1eko batekin partida berdindu zuen Iraurgik.

Gelditzen zen denboran etxekoek euren aukera nola huts egiten zuten ikusteko aukera eduki genuen, eta baita Errotaundik 6 segundo zituela garaipenerako jaurtiketa nola huts egiten zuen ere. Partida luzapenera joan zen, ikusitakoak ikusita, horren txarra ere ez.

Luzapenean Errotaundik hasieratik ihes egin zuen eta ondo landutako garaipena eskuratzen amaitu zuen sailkapenean goian mantentzeko.

Datorren astean Errotaundik bi partida jokatuko ditu. Larunbatean Lizeo Santo Tomas talde donostiarrari egingo dio bisita eta igandean 4etan, aurreratutako partidan, Bosteko talde donostiarra jasoko dute Azpeitian.