Baskonia 75 - DISDIRA BITXITEGIA ISB 81

img

Handia izan zen Disdira Bitxitegia ISBko mutilek Gasteizen, Baskoniaren aurka, lortutako garaipena. Bi taldeak berdinduta zeuden sailkapenean, hirugarren eta laugarren postuan.

Partidan sartzea pixka bat kosta zitzaigun eta lehen minutuetan etxekoak ibili ziren markagailuan aurretik, izan ere, gure defentsako akatsak aprobetxatu zituzten eta kanpotik asko asmatu zuten. Errebotean ez genuen partida guztian sufritu, baina hala ere, lehen bost minutuetako partziala 15 eta 3koa izan zen. Hori izan zen inflexio-puntua, defentsan gauza batzuk konpondu eta gero, gutxika-gutxika partidan sartzea lortu genuelako. Defentsan asmatzen hasi izanari, beraiek egindako akatsak zigortzen jakin izan genuela gehitu behar zaio. Lehen laurdena 22 eta 14 amaitu zen honenbestez.

Bigarren laurdena entrenatzaile batek bere jokalariekin gozatzen duen horietako izan zen. Defentsa oso oldarkor bati erasoko erraztasuna gehitu behar zaio eta ia gauza guztiak ondo irten zitzaizkigun (barneraketak, pase estrak, kanpoko jaurtiketak eta behingoz jaurtiketa libreak ere sartzen hasi ginen). Atsedenaldira 34 eta 45 iritsi ginen.

Bagenekin kanpoko jaurtiketetara joko zutela taula azpiko borroka bilatu beharrean eta argi eduki genuen, kontzentraturik bueltatzen ez baginen kantxara eta jaurtiketa errazak uzten bagenizkien sartzen amaituko zutela. Lana ondo egin genuen, jokoaren jabe izan ginen eta laurdena irabazten amaitu genuen: 19 eta 21.

Azken laurdenaren hasieran 13 puntuko aldea izatera iritsi ginen, izan ere lehen saskiratzea guk lortu genuen, baina hortik aurrera, guk ondo defendatu arren (nekeak ere bere eragina eduki zuen), beraiek euren minuturik onenak jokatu zituzten. 14 eta 4ko partziala jaso genuen. Bost minuturen faltan 5 gora ginen, baina azkarrak izan ginen, eta defentsan egin zuten akats bakoitza aprobetxatu eta saskiratzeak lortu genituen. Desesperaturik faltak egiteari ekin zioten, eta aipatzekoa da azken 3 minututan 10etik 10 sartu genuela jaurtiketa libreen marratik. Berriz 9 gora jarri ginen, baina Baskoniak bozina joka zuela zelai erditik saskiratzea lortu zuen eta horregatik 75 eta 81 amaitu zen partida azkenean.

Garaipen garrantzitsua, aurkari zuzen baten aurka aberagea alde jartzen diguna, Baskoniaren aurka bi partidak irabazi ditugulako.

Larunbat honetan Unamuno edukiko dugu bisitari, 18:30tan, sailkapenaren goi postuetan mantentzeko derrigorrez irabazi beharra daukagun partida.

Saskiratzaileak: X.Aldalur (10), Lur (5), Jakes (27), Javi (-), Unai (9), Eneko (4), Ibarguren (2), Merketegi (14), Etxaniz (11), Beñat (-), Asti (-), Zabarte (-).