Zamora izan daiteke

img

Añares Rioja ISBk Zamorara joko du igandean Quesos Pastor la Polvorosaren aurka jokatzeko. Zamorakoak arrisku postuetatik ihes egin nahian dabiltza eta argi daukate ez dutela datorren urtean gurekin LF2n jokatzea nahi.

Zamarat ez dabil zorte gehiegi edukitzen aurtengo emakumezkoen Lehen Mailan. Nahiz eta jokalari zerrendari so eginez gero, talde honek gorago egon beharko lukeela pentsa, lesioek ezi diote behar bezalako jarraikortasunik edukitzen utzi, ez jokoari dagokionez ez eta emaitzei dagokienez ere. Sabrina Cillik (1’90 m) berriz hartu du min duela gutxi bi hilabete kantxetatik kanpo utzi zuen lesio berdinarekin. Italiar hegalekoa taldeko erreferente nagusi izatera deitua zegoen baina zoritxarrez ez du zorterik eduki. Normalean behintzat, igandean ez du jokatuko.

Marina Delgado (1’72 m) mallorcarra ebakuntza-gelatik pasa behar izan da belauneko arazoak konpontzeko eta dagoeneko ez du gehiago jokatuko denboraldi honetan. Taldeko joko antolatzaile titularrak denbora zeraman arazoekin eta ezin izan du gehiago aguantatu. Zamaratek Mariona Ortiz (1’83 m) fitxatu du bere ordez. Kataluniarrak Perfumerías Avenida utzi du ondo ezagutzen duen klub batera bueltatzeko, minutuak bereganatzeko asmoz.

Taldea utzi duen beste jokalari bat Nuria Mateos (1’64 m) izan da, klubari beheko taldetan jokatu eta modu horretara jokalari moduan hazteko aukera edukitzea eskatu baitio klubari.

Carolina Gomes (1’90 m) pibot portugaldarra da taldeko saskiratzaile nagusia. Taula azpiko borrokalaria eta kalitate handia duen jokalaria. Oso joko praktikoa duena eta uztaitik gertu saskiratzeak erraz lortzen dituena. Errebotean iaioa, Carolinak leku egokian momenturik egokienean egoten jakitea du bertute nagusi moduan. 30:39 minutu, 11’9 puntu, 8’5 errebote eta 12’4ko balorazioa partidako.

Svitlica (1’90 m) serbiarra da taldeko bigarren saskiratzaile onena. Hegal-pibota sekulako denboraldia egiten ari da eta aspektu guztietan taldeko erreferentzi bihurtzen jakin izan du. Bai uztaira begira zein bizkarrez jokatuz oso arriskutsua da eta Luis Fernandez bere entrenatzaileak kantxan jartzen dituen minutuak oso errentagarri bihurtu ditu. 27:40 minutu, 11’9 puntu, 5’3 errebote eta 10’6ko balorazioa bataz beste.

Pirsic (1’96 m) esloveniarra da taldeko jokalari baloratuena. Barruko jokalari beteranoa denboraldi txukuna burutzen ari da eta kontrarioarengan beldurra sortzeko daukan abilezia erabakigarria da pintura barruan. Uztaitik gertu zitala eta defentsarako grina berezia duena, Sandra kirol proiektu honetako zutabe nagusietako bat da. 24:42 minutu, 9’8 puntu, 8 errebote, 1’2 txapela eta 16’1eko balorazioa partidako.

Andrea Riley (1’67 m) Zamorara iritsi berria da Zamaraten kolpatutako kanpoko jokoa indartzeko asmoz. Eskolta amerikarra fisikoki izugarria da, erasoan egundokoak egin dezakeena eta defentsan ere oso aktiboa. Gernikan lortutako azken garaipenean jokalari erabakigarria izan zen. “Veni,vidi, vici” esamoldea primeran datorkio Emakumezkoen Lehen Mailako aurreneko bere partidarako: 21:52 minutu, 18 puntu, 3 errebote, 2 asistentzia eta 16ko balorazioa.

Añares Riojak bere lehen garaipena eskuratzeko nahian temati jarraitzen du. Taldea azken aldian erakusten ari den kirol maila nahiko ona da eta Zamorara bidaia ilusioz topera egingo du. Defentsan oso oldarkorra den eta erasoan azkar jokatzen den partida planteatzea izan daiteke garaipena eskuratzeko aukerak edukitzeko gakoa. Zamarat oso talde indartsua da zona barruan, kilo eta zentimetro askokoa eta beraz, partida apur bat erotu eta korrika eginez jokatzea aukerak edukitzeko posibilitateak handitu ditzake.

Josebak talde guztia edukiko du prest partidarako.

Lehiaketa bere azken txanpan sartuta dago, 7 jardunaldi besterik ez dira geratzen, garaipenen zakua estreinatzeko gure ametsa bete ahal izateko 7 partida besterik ez. Etxeko neskekin emakumezkoen saskibaloiaren elitean jokatu izanaren esperientzia honetaz gozatzen jarraitzeko 7 partida besterik ez.

Egurre Añares!!!!