Defentsa, defentsa, defentsa… eta defentsa gehiago!!

img

Sammic ISBk igandean liga erregularreko partida intentsuenetako bati egin beharko dio aurre. Aceitunas Fragata Moron izango da irabazi beharreko aurkaria, azken segundora arte borrokatu eta hil arte estutzen duen taldea. Galdu ezin dezakezun egundoko partida.

Granadan lortutako garaipen handiaren ondoren, Iker Buenoren mutilek erronka zorrotz bati egin beharko dio aurre igandean 18tan Azpeitian. Partida guztiak dira garrantzitsuak, baina asteburu honetakoa pixka bat gehiago da. Andaluziarra defentsan ikaragarri estutzen duen talde bat da, oso gogorra zona barruan eta sekulako aktibitatea daukana pase marrak zaintzerako orduan, gure estiloaren antzekoa fase honetan.

Moron ukiezia izan zen bere kantxan lehiaketaren lehen tartean. Sammicek egundoko porrota jasan zuen han (83-68) eta bere azalean bizi behar izan zuen harmailetako berotasun eta presioa, bere taldea 40 minututan animatzen duen zalegoarekin. Bere kantxatik urrun, zaleek ematen dioten plus hori gabe, taldeak indarra galtzen du momentu garrantzitsuetan. Gure mutilek momentu horiek aprobetxatzeko erakusten duten gaitasuna ezinbestekoa izango da seigarren garaipena erreskadan eskuratzeko.

Apustu arriskutsu bat da Moronen hau. EBA ligatik jokalari onak fitxatzeko apustua egin zuten denboraldi honetarako, eta egia esan nahiko ondo irten zaie. Errefortzu bakarra 2016an iritsi da, Jordan Therloff amerikarraren kontratua eten eta gero, Olajide Kenshirok (2’06 m), New Yorken jaiotako nigeriarrak hartu du haren lekua. Olajide ere EBA ligatik dator eta FEB ligetan badauka eskarmentua (Alcazar Basket eta Basket Azuqueca). Beldurra sorrarazten duten horietako jokalaria, sakrifikatzen dena, talde jokalaria eta bere zigilua utzi duena dagoeneko jokatutako 6 partidetan: 7 puntu eta 4’5 errebote bataz beste.

Michael Phillips (2’02 m) da taldeko zutabeetako bat. Amerikarrak sekulako talentua du erasoari dagokionez eta harria bezain sendoa da defentsan. Uztaira begira zein bizkarrez jokatuta puntuak lortzeko duen iaiotasuna izango da gure barruko jokalariek edukiko duten azterketa nagusietako bat. 29:26 minutu, 15’9 puntu, 4’6 errebote eta 12’8ko balorazioa partidako.

Morales (2’04 m) izango da kontutan hartu beharreko beste jokalari bat. Pibot sevillarra ez da jokalari ikusgarria baina bere lana erabakigarria izaten ari da taldearentzat. Fisikoki oso indartsua den jokalaria eta talde batentzat aurrera ateratzeko derrigorrezkoa den lan iluna egiteaz arduratzen dena. Erasoari begira, oso errentagarri bihurtzen ditu saskiratzea lortzeko dituen aukerak. 20:19 minutu, 10’2 puntu, 6’1 errebote eta 11’2ko balorazioa partidako.

Alejandro Marin (1’93 m) da taldeko beste euskarri nagusietako bat. Eskolta hau da Moronek duen kanpoko jokoko erreferentzia nagusia. Barrurako jokoan ona, jaurtitzaile aparta, errebote lanean fina, eskuzabala… San Fernandokoa denboraldi bikaina egiten ari dela argi uzten dute lortu dituen zenbakiek: 29:41 minutu, 12’5 puntu, 3’8 errebote, 3’1 asistentzia eta 12ko balorazioa.

Javi Marin (1’93 m) da taldeko burmuina. Cadizekoak irmo gidatzen du bere taldea eta Maiza eta Gutierrezentzat amesgaiztoa izango da . Atzeko lanerako oso langilea eta erasoan bataz besteko bikaina lortzen ari dena. Jokoa irakurtzeko daukan gaitasuna infinitua da eta bere eskuzabaltasunaren printzak uzten ditu astero asistentzia gisa. 25:59 minutu, 7’3 puntu, 3’5 errebote, 4’1 asistentzia eta 10’9ko balorazioa partidako.

Igandean partida zirraragarri batez gozatzeko aukera daukagu. Gu bost garaipen erreskadan lortuta bolada bikainean gaude, baina kirol errendimenduaren gailurra ukitu ez dugula jakinda. Sammic-ek hazten jarraitzen du eta lehiaketako momentu oso garrantzitsuan, izan ere garaipen bat gehiago lortuta playoffetarako txartela eskuratuko luke taldeak. Moron Zornotzan garaipen baltsamikoa lortzetik dator (73-98) Xubenen, Valladoliden eta Granadaren aurka hiru porrot estu jaso eta gero.

Ez dago esan beharrik harmailak bete behar ditugula igandean. Txapelketan oso goian gaude sailkatuta, 6 jokalari gipuzkoarrekin, lehiaketako aurrekontu txikienetako batekin, umiltasuna eta lana nortasun ezaugarri modura…
Argudio hauek nahikoak ez baldin badira… ez duzu Iraurgi maite.

Egurre Sammic!!!!