Oso derby garrantzitsua

img

Igandean (12tan), Zornotzan, Sammic ISBk oso erronka garrantzitsu bati egin beharko dio aurre. Bizkaitarrak biziberriturik dabiltza eta playoffak begiz jota dituzte. Mikel Garitaonaindiaren mutilak gorantz datoz eta beraien kantxan ondo jokatzea beti da zaila. Erronka handi bat.

Aurreko asteko partida txarra atzean geratu da jada. Iker Buenoren mutilek gogor egin dute lan astean zehar, porrota jaso zutelako minduta, baina batez ere emandako itxura ez zela ona izan jakinda. Sammicek partida estu asko atera ditu aurrera talde moduan erakutsitako sakrifizioagatik, Moronen aurka ikusi ez genuen gauza bat, eta asteburu honetan, inoiz baino taldeago izan behar du Zornotzan garaipena eskuratu nahi badu.

Azpeitian jokatutako joaneko partidan Sammic-ek garaipena eskuratu zuen defentsan egundoko lana eginez eta jokalari bakoitzak zuen guztia eman zuelako. Zornotzak bere esku izan zuen garaipena, baina gure mutilek karakterra eta anbizioa erakutsi eta duten fedearekin, justu-justu izan bazen ere irabaztea lortu zuten (76-74).

Orduan, bizkaitarren barruko jokoa ez zegoen sasoirik onenean eta gainera errotazio txikia zeukaten. Hori dela eta klubak bi fitxaketa egin ditu posizio horretarako: jokatu dituen 6 partidetan oso errendimendu ona eman duen Wolf (2’16 m) eta Obilan gehiegi jokatu ez duen Ramasauskas (2’11 m) lituaniarra.

Duda gabe, luzeran eta pisuan zituzten arazoei aurre egiteko bi fitxaketa on burutu dituzte Zornotza aldean.

Kanpoko jokoak bere horretan jarraitzen du. Kalitatea eta talentua erregalatzeko moduan, Arturo Cruzekin (1’84 m), 10’2 puntu eta 3’4 asistentzia; Ander Arrutirekin (1’90 m), 10 puntu; eta Ander Garciarekin (1’92 m), 13’8 puntu eta 3’3 errebote. Bi jokalari handien etorrerak fabore ederra egin die, beraiengan defentsak lausoagoak izango direlako eta duten kalitatearekin saskiratzeak lortzeko erraztasun handiagoa izango dutelako.

Nkaloulou (1’98 m) eta Wolf ondo moldatzen ari dira elkar eta horrek sendotasuna eman dio bizkaitarren barruko jokoari. Carretok (1’98 m) eta Ramasauskas iritsi berriak eman dezaketen laguntzak ere partida batean baino gehiagotan erabakigarriak izango dira. Mikelek nahi eta behar zuen oreka aurkitu du azkenean.

Zornotzak, Alacanten irabazi eta gero morala gainezka dauka. Lehiaketan momentu txarrak pasa eta gero sasoi onean iristen da partida honetara eta playoffak lotu nahian gainera, horrek igandeko partida oraindik eta gehiago zailduko duelarik. Bizkaitarrek, inspiratuta badaude, arrabola moduan jokatzen dute euren kantxan, eta igandean inspirazioa hori izango dutela pentsatu behar da. Ikerrek ezin izango du Cirkovic partidara eraman, bere jaioterrira bueltatu behar izan baita arazo pertsonal batzuek tarteko. Gainontzeko jokalari guztiak jokatzeko moduan egongo dira eta txapelketan hazten jarraitzeko asmo biziz gainera.

Sammic-ek kantxa zail bat edukiko du aurrean, bere taldea topera animatzen duen zalego bero batekin, hazita dagoen eta argia ikusten hasi den aurkari batekin, igoera lortzeko hautagai sendoenetako bati irabaztetik datorren talde batekin… bizitzeko politak diren kirol gudu horietako bat, beraz.

Zornotzak baina, Iraurgi edukiko du aurrean.

Egurre Sammic!!!!