Lehenaren atzetik, bigarrena

img
Bi dira dagoeneko

Añares Rioja ISBk astea borobildu du denboraldiko bigarren garaipena eskuratuta, etxetik kanpo aurrena, Bembibren 81 eta 82 irabazi eta gero.

Asteazkena egun historikoa izan zen Iraurgi SBrentzat, Emakumeen Lehen Mailan aurreneko garaipena eskuratuta, baina Añareseko neskek eman zuten abisua, behin lehena lortuta, beste bost partida, beste bost final gelditzen zitzaizkien garaipenak batzen jarraitzeko. Maila matematikoki galdu izanagatik esperientzia honekin gozatzen jarraitu nahi dute eta bost final horietako lehenean, beste garaipen bat batu dute, Bembibren, Leonen, etxetik kanpo, sufritzen bai, baina 82 puntu sartuta.
Gogor hasi da Añares, aste honetan jokatutako azken minutuen antzera, intentsitatez josia eta erasoan min egin nahian. Bi hiruko jarraian lortuta gainera aldea zabaldu nahi izan du markagailuan, baina etxekoak ere lanean hasi dira eta McKinneyrekin lehenengo eta hiruko marratik Gimenorekin gero, markagailuan agintzen hasi dira eta momentu batean ere aldea zabaldu dute. Ataskatu xamarrik zebiltzan Joseba Lizarralderen neskak, prezipitazioak jota batzuetan, baloi inozoak galduz eta bide zuzenena ezin topatu. Pazientziarik gabeko minutuak izan dira. Atzeko lanean gainera arazoak eduki dituzte blokeo eta jarraipena gelditzerako orduan eta Leongoek erraz eskuratu dituzte puntuak. Gauza onak baina egon dira baita ere, Mckinney amerikarra faltaz josi dute eta kanpotik, puntuak lortzeko bide zailena izan arren, dezente asmatu dute eta horri esker 6 puntu azpitik bakarrik amaitu dute lehen laurdena (22-16).
Bigarren laurdena hasteaz bat Roselisen jokoa agertzen hasi da. Venezuelarrak bi saskiratze on eskuratu ditu eta Markovic-i asistentzia bikain bat banatu. 0 eta 6ko partziala eta partida berriz berdinduta. Hala ere, eta lehen laurdenean gertatu antzera Bembibrekoen erreakzioa etorri da. Hau ere hiruko marratik eta 8 eta 0ko partziala eginda markagailuko agintari izatera pasa dira. Egia esan distantzi handirik ez dute hartu, Añaresek ez diolako utzi. Gipuzkoarrek tarteko jokaldi onak burutu dituzte eta bultzaka-bultzaka markagailuan gertu mantendu dira. Hori bai, Davydova oso bakarrik sentitu da errebote lanean eta etxekoek min egin dute erasoko errebotean. Horri Gomezek asistentziak banatzeko erakutsitako erraztasuna (8 atsedenaldirako) gehituz gero, atsedenaldiko emaitza azaltzea errazagoa da: 43-37. Añares lehiatzen zebilen, baina pixka bat falta zitzaion.
Hirugarren laurdena oso parekaturik hasi da. Hutsak eraso batean zein bestean. Puntuak lortzea zail, defentsen lan txukunei esker. Baina laurdenaren erdialdera, etxekoek punturik ezin lortu zebiltzala ikusita, Añaresek Hemen Nago!! esan nahi izan du eta Lizarazu-Markovic bikotearen eskutik 0 eta 8ko partziala egin eta berriz oreka igo da markagailura. Gimenok gauzak zuzendu nahi izan ditu etxekoendako, baina Garazik erantzuna eman dio eta Markovic-ek, jaurtiketa libren marratik, aspaldiko partez, aurretik jarri ditu gipuzkoarrak. Hazi egin da Añares, eta Davydovaren borrokak, Lizarazuren puntuek eta Roselisen lan apartak taldea gidatzerako orduan abantailarik handiena eman dio taldeari: +9 (50-59), 38.minutuan. Gimeno ez zegoen prest Añaresi ihes egiten uzteko eta bere eskutik etxekoen erreakzio berri bat iritsi da. Bi puntura gerturatu da Bembibre, baina Roselisen hiruko ikusgarri batek azken 59 eta 64koa igoarazi du.
10 minutu gelditzen ziren oraindik, eta hori denbora asko da saskibaloian. Gehiago, Vukoje eta McKinney bezalako jokalariak agertzen hasten badira. Gimenori txanda hartu diote hauek, pibot amerikarra gainera Davydovaren bila ibili da hau faltaz josita zegoela jakinda. Puntuak erraz batzen hasi dira eta partida irauli dute, baina Lizarazu kapitainak hiruko marratik geldiarazi du etxekoen bultzada. Oso minutu parekatuak bizi izan ditugu hortik aurrera. Talde bat 1-2 goitik jartzen bazen, besteak erantzun eta abantaila berdina lortzen zuen. McKinneyk alde baten sartzen bazuen, Davydova ez zen atzean gelditzen. Vukojeren puntuei Lizarazuk ematen zien erantzuna eta Roselisek denboraldiko saskiratze garrantzitsuena lortu du 6 segundoren faltan 81 eta 82koa igoaraziz markagailura. Etxekoen hutsartea eta baloi jabetza partida irabazteko, baina Iraurgikoek duten kasta atera, sekulako defentsa egin eta Lizarazuk baloia lapurtuta amaitu da partida.
Bigarren garaipena, etxetik kanpo lehena eta oraindik beste lau partida jokatzeke. Jarrai dezala garaipen boladak!!
Saskiratzaileak: (22-16/21-21/16-27/22-18)
EMBUTIDOS PAJARIEL BEMBIBRE PD: Gomez (18), Vivas (8), Gimeno (21), McKinney (12), Vukoje (14) - B. Maniviesa (2), Herrera (6), O’Rilley, Gonzalez, M. Maniviesa.
AÑARES RIOJA ISB: Uria (6), Davydova (18), Gurrutxaga, Silva (18), Markovic (13) – Arregi (10), Bereziartu (2), Etxeberria, Zubizarreta, Lizarazu (15), Astigarraga.