Sammic-en garaipen erraza Zornotzan

img
Guti, 5/4 hirukotan eta 6/4 jaurtiketa libretan

Iker Buenoren mutilek garaipen handia lortu dute Zornotzan. Gutierrez eta Maiza bikain egon dira taldea zuzentzerako orduan eta hau erabakigarria izan da partida aurrera ateratzeko. Modu honetara hobeto utzi dezake Iraurgik atzean joan den asteko porrot mingarria eta gainera bigarren posturako borrokan berriz sartu da bete betean.

Derbyak gutxitan izaten dira joko ikusgarrikoak, baina gaur Zornotzan jokatu denak dominatzaile argi bat eduki du: Sammic. Gure mutilak garraz beterik eta defentsako lanean oso kontzentraturik irten dira kantxara. Erreboteko eta pase marren zaintza lana oso ona izan da bosgarren minuturako markagailuak 2 eta 11koa iragartzen zuen. Orozek aurtengo denboraldiko laurdenik onenetako bat jokatu du erasoan: %100 jaurtiketetan, errebote bat eta 4 baloi berreskuratu, apenas 5 minututan. Azkoitiarra izan da taldearen motorra partidako hasierako minutuetan. Etxekoei kosta egin zaie erreakzionatzea eta laurdeneko azken minutuetara arte gure mutilen defentsak eragindako deserosotasunetik ezin aldendu ibili dira. 14 eta 22ko partziala eta Iraurgirentzat gauzak oso txukun jartzen zirela zirudien.
Etxekoek baina bigarren laurdenean erreakzionatu dute eta defentsan oreka pixka bat eskuratzea lortu dute azkenean. Hobekuntza hori dela eta, Sammicek minutu asko eman behar izan ditu estatikoan jokatzen eta egiari zor, ez du bat ere gaizki egin. Defentsan burututako bi akatsek bizkaitarrei aldea murrizten utzi die (20-25), baina berehala zuzendu dira atzeko laneko akatsak. Erasoan, taldeak efikazia handia erakutsi du gaurkoan eta horri esker aldea handitzea lortu du. Garitaonaindiaren mutilak “joan eta etorri” egiten ziren, bi minutu oni aurrez egindako lana zaborretara botatzen zituzten beste bi txarrek hartzen baitzieten txanda. Erasoan Wolfek bakarrik eman du maila, gainontzekoek egundoko arazoak eduki dituztelako puntuak eskuratzeko, izan ere Sammicen defentsak egundoko lana egin du eta etxekoen kanpoko jokalariek ez dute eroso jokatu ahal izan. 17nako berdinketa bigarren partzialean eta 8 puntuko aldea gipuzkoarrentzat aldageletara bidean (31-39).
Atsedenaldiaren ondoren partidak bere horretan jarraitu zuen. Bi taldeek euren defentsa ondo estutzea lortu dute eta erasoan pazientziarekin jokatu dute. Baina Zornotzaren zoritxarrerako ez da bere egunik onena izan erasoko efikaziari dagokionean, jaurtiketa gehiago egiteko aukera eduki badute ere, ez dutelako bataz besteko onik eduki. Sammic-ek, egundoko Ruben Gutierrezen eta Semplerik onenaren eskutik, bere erasoak errentagarri egin ditu eta laurdenaren erdialderako 11ko aldea eskuratu du. Hortik aurrera etxekoak Iraurgiren menpe egon dira, gipuzkoarrei dena ondo irten baitzaie eta hirugarren laurdenaren amaierarako 15eko aldea erakusten zuen markagailuak. 14 eta 23ko partziala gure mutilen alde eta partidak oso itxura ona hartuta.
Azken laurdeneko lehen minutuek Iraurgi garaile izango zela erakutsi dute, partida guztiz apurtzea lortu baitute Iker Buenoren mutilek. Zornotzak lekua galdu du guztiz eta gure mutilei bidea libre utzi die. Iraurgik intentsitatez jokatzen jarraitu du, irabaztea bezain garrantzitsua baitzen partida on bat jokatzea eta lortu dute. 10 eta 24ko partziala Sammic-entzat.
Bide onera itzuli gaituen garaipena. Kirol honek daukan sekretu bakarra lana da, beti ere umiltasunez egina.
Jordan Semple izan da partidako MVP-a. Hegal pibotaren partida bikaina: 18 puntu, 13 errebote, 3 asistentzia eta 23ko balorazioa. Ruben Gutierrezek ere sekulako partida egin du: 15 puntu, 2 errebote, 3 asistentzia, 5 jasotako falta eta 21eko balorazioa.
Datorren asteburuan Torremolinosera bidaiatuko dute gure mutilek Unicajaren bigarren taldearen aurka jokatzeko. Tranpa bat izan daitekeen partida horietakoa, goian mantentzeko irabaztera derrigortuta zaudena.
PARTZIALAK: 14-22 / 17-17 (31-39) / 14-23 / 10-24
ZORNOTZA: Estalayo (3), Arruti (9), Mendia (7), Wolf (12), Salazar (10), Peña (3), Nkaloulou (2), Cruz (3), García (4), Ramasauskas, Aboubacar (2)
SAMMIC ISB: Sarasola (2), Oroz (7), Arenaza, Gutiérrez (15), Maiza (8), Segurola (5), Guridi (8), Skouen (14), Semple (18), Marcius (9)