Topera!!

img

Datorren larunbatean Sammic ISBk partida zaila jokatuko du Torremolinosen IF Clinicas Rinconen aurka. Unicajaren bigarren taldea ez dago sasoi puntu onenean eta gure mutilak irabaztera behartuta daude goiko postuetan mantentzeko. Erronka zaila, baina aurrera atera beharrekoa playoffetako lehen kanporaketan kantxa faktorea alde edukitzeko.

Clinicas Rincón, harrobiko talde guztien antzera, maila profesionalean bizitza bilatu nahi duten Unicajaren harribitxiz osatuta dago. Guztiak ere talentu handiko jokalariak eta ibilbide luzea iragartzen zaiena. Baina momentu honetan, lehiaketak agintzen duela esaten die errealitateak eta playoff postuetatik kanpo ikusten dira, hauek 2 garaipenetara dituztelarik. Tamalez, jaitsiera postuak ere 2 porrotetara dituzte eta beraz, garaipena lortzeko behar handia dutela pentsa daiteke.

Andaluziarrek indar pixka bat galtzera eraman dituzten bi baja garrantzitsu izan dituzte azken egunetan. Okouok (2’14 m) pasa den astean utzi zuen taldea. Kongoko pibota taldeko eraso jokoaren erreferentzi nagusietako bat zen eta baita errebote egile nagusietako bat ere. Soulade (1’96 m) Gipuzkoa Basketera joan zen utzita denboraldia amaitu bitartean eta beraz joko antolaketa orduan erreferentzia handirik gabe gelditu da taldea.

Malagakoek junior taldetik hartu behar izan dituzte jokalari asko, baita ere Lehen Maila Nazionaleko taldetik ere. Elementu onak bai, baina maila honetarako esperientzia gutxirekin. Hala ere, gauzak txukun egiten ari dira taldeari laguntza eman nahian eta esperantza badaukate mailari eutsi eta kanporaketetan sartzeko.

Gauzak horrela, Romaric Belemene (2’02 m) da gaur egun taldeak duen erasoko erreferentzi nagusia. Kongoko barruko jokalaria denboraldi oso ona egiten ari da: 29:52 minutu, 15’2 puntu, 4’8 errebote eta 9’4ko balorazioa. Karahodzic (2’09 m) hegal-pibota da beraien bigarren saskiratzaile nagusia: 26:56 minutu, 9’5 puntu, 5’6 errebote eta 8ko balorazioa. Argi dago barruko jokoa dela beraien baza indartsuena gaur egun.

Souladeren irteeraren ondoren Carlos Cobo (1’93 m) gelditu da joko antolatzaile nagusi bezala. Sao Paulokoa gainera, kanpoko jokalariei dagokienez, zenbaki onenak eskuratzen ari den jokalaria dugu: 26:43 minutu, 6’8 puntu, 6’8 errebote, 2’7 asistentzia eta 11’9ko balorazioa. Paco Vazquez beteranoa ere taldearen dinamikan sartu da, nahiz eta bere partaidetza nahiko urria den, bai behintzat jokatu dituen hiru partidetan.

Zornotzan lortutako garaipen handiaren ostetik, Iker Buenoren mutilek ilusioz beteta egingo diote aurre erronkari. FEBeko orrian ondo azaltzen den moduan, bost jardunaldi gelditzen dira eta Sammic-ek aukera handiak ditu oraindik bigarren postuan amaitu ahal izateko. Guztiok dakigu ez dela bat ere erraza izango, baina Torremolinosen irabazteak postu horretatik oso gertu mantenduko gintuzke datorren astean Araberriren bisita jaso aurretik. Gogoratu behar da bigarren postu horrek kanporaketa guztietan kantxa faktorea alde edukitzeko aukera emango ligukeela, gure jokalarientzat egoera benetan interesgarria, noski.

Horregatik Sammicek hortzak estuturik irteteko asmoa dauka kantxara. Azken bost partidatan barruan daukaten guztia atera beharra daukate jokalariek.

Egurre Sammic!!!!