Girona gehiegi Añaresentzat gaur

img
Argazkia: Javi Zurbano

Lehen laurdenean alde egin dute markagailuan iazko txapeldunek eta gerora euren nagusitasuna erakutsi dute kantxan (43-86).

Dinamika oso positiboan iritsi da Añares Rioja ISB gaurko partidara, ez horrenbestekoa Spar Citylift Girona. Gipuzkoarrak azken bi partidak irabazita, kataluniarrak azken lauetatik bakarra eta playoff postuetatik kanpo. Baina gaur, beharra, logika eta kalitatea gailendu dira.
Gironak hasieratik erakutsi du daukan kalitatea erasoan. Ia bota duen guztia sartu du eta nahiz eta Añaresek gauza politak egin dituen erasoan, atzean egundoko zailtasunak eduki ditu iazko talde txapeldunaren jokalariak gelditzeko. Givensek hasiera batean eta batez ere Noemi Jordanak min ikaragarria egin dute. Kapitainarena goraipatzekoa, botatako lau hirukoak sartu baititu. Bere saskiratzeak izan dira partidako gakoetako bat, Gironari markagailuan ihes egin eta hazteko balio izan baitie. Roselis Silvak eta Markovicek nahi zuten euren taldea gerturatu, baina aurrean aurkitu duten taldea jokalari ikaragarriz osatua dago eta ezer gutxi egin ahal izan dute. Lehen laurdenaren amaieran: 14-24.
Ibekwe, kataluniarren azken fitxaketa eta iazko denboraldiko MVP-a kantxaratu berria zen. Hotz irten da, baina berehala hasi da bere mailaren berri ematen. Puntuak sartu bakarrik ez, erreboteak eskuratu, asistentziak banatu… Jordanaren lekukoa ondo hartu du eta bai hegaleko posizioan jokatuz edota hegal-pibotekoan min ikaragarria egin du. Roselisek jarraitu du taldea bizkar-gainean hartu nahian etxekoen partetik eta batzuetan bakarregi sentitu da, beste batzuetan egiari sor bakarregi jokatu nahi izan du. Etxekoek gauza on batzuk egiten zituztenean segituan iristen zen Gironakoen erantzuna: laurdeneko azken minutuan adibidez, Bereziartuk lapurtutako 2-3 baloiri esker arnas pixka bat hartu du taldeak eta markagailuan gerturatu da, baina erantzuna bi hirukorekin jarraian iritsi da laurdena amaitzeko. Errebotean egundoko nagusitasuna erakusten ari ziren kanpotarrak (hori izan da partidako beste gako nagusia), bigarren aukera franko eduki dituzte eta horrenbeste kalitate duten jokalariekin…. Kontuak kontu Xavi Fernandezen taldea aldea zabaltzen joan da gutxika eta atsedenaldirako partida erabakita ez baldin bazegoen, ez zitzaion askorik falta: 28-49.
Oraindik gehiago aldageletatik bueltan Ibekwe-Coulibaly bikotearen bitartez 0 eta 8ko partzial batekin hasi denean hirugarren laurdena. Joseba Lizarraldek hutsartea eskatu du eta taldearen erreakzioa iritsi da. Lehen minutuetatik falta zitzaion lehiakortasuna erakutsi du berriz Añaresek eta 9 eta 2ko partziala eginda zaleei gozatzeko minutuak eskaini dizkie. Joseba Lizarraldek gainera Maitane Dominguezi debuta egiteko aukera eman dio eta juniorrak minutu politak jokatu ditu. Partziala Gironaren aldekoa izan da (11-14), baina partida erabakita egon arren, taldeak lehiatu nahi zuela zirudien.
Azken laurdenean baina zapalgailu gisa agertu da talde kataluniarra. Aurreneko saskiratzea etxekoek lortu dute, baina hortik aurrera ez da zereginik egon. Gutxika itzaltzen joan da gipuzkoarren argia eta Gironak bere nagusitasuna erakusten amaitu du markagailuan, Añares doblatzen amaitu arte. 43 eta 86, Azpeitian jokatu den azken partidarako (gauzak normal Gernikaren kontrako partida Azkoitian jokatuko da) kolpe handiegia, baina taldeak merezi duen txalo zaparradapean amaitu du.
Saskiratzaileak: (14-24/14-25/11-14/4-24)
AÑARES RIOJA ISB: Arregi, Lizarazu, Davydova (9), Silva (16), Markovic (10) – Uria (2), Bereziartu (3), Zubizarreta (2), Astigarraga, Gurrutxaga, Dominguez (1).
SPAR CITYLIFT GIRONA: Givens (10), Jordana (12), Knezevic (8), Spanou (9), Coulibaly (7) – Pikciute (7), Kuktiene (10), Ibekwe (20), Lucas (3).