Caldereria Pako ISBren garaipena Soraluce Bergara KEren aurrean

img

Caldereria Pako ISBk 81 eta 73 irabazi zuen Bergararen kontra alternantzia asko eduki zituen partida batean.

Urdindunak agintari hasi ziren partidan. Pazientziarekin baloia mugitzen, aukerarik onena topatu nahian uneoro eta saskiratze onak lortuz. Horrela, lehen abantailak lortu zituzten. Iraurgikoek ez zuten asmatzen defentsa egokiarekin eta erasoan, kontrarioak ez bezala, pazientziarik gabe ibili ziren. Hori bai minutuak aurrera pasa ahala erasoko jokoa hobetzea lortu zuten eta horri esker 6 puntu behetik amaitu zuten laurdena (17-23).

Bigarren laurdeneko aurreneko minutuak aurreko laurdenaren antzera joan ziren, baina laurdenaren erdialdera 12 eta 0ko partzial bati esker aurretik jarri ziren etxekoak. Bergarakoek arazoak zituzten puntuak sartzeko Iraurgikoen defentsari esker eta erasoan Caldereia Pakok baloia mugitzen jakin izan zuen, jaurtiketetan efikaziak ere lagundu egin zuen egia esan.Modu honetara atsedenaldira etxekoak aurretik zirela iritsi ziren: 39 eta 35.

Atsedenaldiaren ondoren eta aurreneko bost minututan lortutako 4 puntu eskasek adierazten duten moduan, Iraurgik arazo ikaragarriak eduki zituen puntuak eskuratzeko. Defentsan ez zebiltzan horren gaizki, baina Bergarak gutxika markagailua berdintzea lortu zuen (43-43, 25.min). Bergarakoek ezarritako zonakako defentsaren aurkako arazoak behin konponduta, etxekoek berriz alde egin zuten markagailuan eta laurden amaierara 7 puntu goitik iritsi ziren (55-48).

Azken laurdenean Caldereria Pako ISBk partida puskatuko zuela zirudien, gauzak bai erasoan, bai eta defentsan ere oso argi zituela ematen baitzuen, 14 puntuko aldea zabaltzera ere iritsi zen (69-55, 36.min), baina harakiria egin zen orduan. Azken hiru minutuak ez ziren bat ere onak izan. Prezipitazioak jota, uztaitik gertu huts eginez eta defentsa txarrek Bergarari 6 puntura gerturatzeko aukera eman zieten minutu eskas baten faltan. Jaurtiketa libretan asmatu izanak eta azken baloi jabetzetan defentsa hobeagoek garaipena etxean gelditzea ahalbidetu zuen.

Caldereria Pako ISBren hurrengo partida Oñatin izango da, Aloña Mendiren aurka, larunbatean arratsaldeko 16tan.