Egundoko partida

img
Foto Julio Roca

Igandean 18:00tan emango dio hasiera momentu honetan lehiaketako euskal derbyrik zirraragarrienak. Sammic ISBk eta Araberrik sailkapeneko bigarren postua eskuratzeko borrokatuko dute.

Kirola benetan bitxia da. Aurreko denboraldian bai Sammic eta baita Araberri ere mailaz jaisteko borrokan ibili ziren: Iraurgik salbazioa lortu zuen Gasteizen irabazita, arabarrek berriz maila galdu zuten, ez zen urte ona izan beraientzat, jokalariek ez zuten eman maila nahikoa eta entrenatzaile aldaketek ez zuten beharrezkoa zen oreka ekarri.

Aurten baina,eta udan Zilarrezko LEB ligarako plaza eskuratuta, goiko postuetan egoteko taldea osotu zuen. Proiektuak behar bezala funtziona zezan Sergio Jimenez bezalako entrenatzaile on bat ekarri zuten eta Salamancakoak iaz eduki ez zuen oreka eman ahal izan dio taldeari. Giharrez beteriko jokalariak talentudunekin uztartuz, saskiratzeak erraz lortzen dituen taldea da Araberri,eta guztia joko alaia eginez.

Gasteizen jokatutako joaneko partidan Sammic-ek lortu zuen garaipena (71-84), nahiz eta gipuzkoarrak ez ziren sasoirik onenean iristen eta Araberri Coviran eta Moron etxetik kanpo garaitzetik zetorren. Iker Buenoren mutilek partida oso egin zuten eta momentu erabakigarrietan asmatu egin zuten. Bertaratutakoek saskibaloi partida oso polit batez gozatzeko aukera eduki zuten.

Talde arabarra kalitate handikoa da eta edozein jokalarik egin diezazuke min, baina zerbaitetan nabaritzen ari bada, bere barruko jokoan da.

De La Ttibeaudiere (2’02m) jokalari ikusgarria da, jamaikarra fisikoki sekulako indarra duen jokalaria da eta distantzia motzetan bikain mugitzen dena. Bote bat baino gehiago egitera behartuz gero arazoak hasten zaizkio eta joaneko partidan ondo ulertu zuten Iraurgiko jokalariek hori. Baina argi dago, bataz bestekoek erakusten duten moduan, jokalari erabakigarria dela: 15’1 puntu, 8’1 errebote, 1’9 txapela eta 17’8ko balorazioa.

Levesque (2’01m) da beraien bigarren erreferentzia barruko jokoan. Hegal-pibot amerikarra lehiaketako jokalari onenetako bat da eta astero erakusten du. Talde jokalaria, lan iluna egin eta protagonismoa beste batzuen esku uzten ohi duena, baina erantzukizuna hartu behar duenean hartzen duena. Semplerekin borroka partidako erakargarritasunetako bat izango da. 13’4 puntu, 7’7 errebote, 3’3 asistentzia eta 18ko balorazioa.

Javier Buesak (2’02m) eta Mirza Bulic-ek (2’07m) sustatzeko moduko barruko jokoa osotzen dute. Arabarrak sekulako balioa duen lan iluna egiten du (7’4 puntu eta 2’7 errebote), eta bosniarra hazten ari da partidak aurrera joan ahala (10’4 puntu eta 4’5 errebote).

Fabio Santana (1’88m) da talde onetako orkestra zuzendaria, saskibaloiko harribitxia, Gasteizen errealitate bilakatzen ari dena. Daukan joko ikusmena da bere abilezia nagusia, baina defentsan ere gogor jarduten den jokalaria da. 10’3 puntu, 1’5 errebote, 3’4 asistentzia eta 11’6ko balorazioa.

Smith (1’90m) da taldeko pistolari ofiziala. Eskolta amerikarra amesgaiztoa da kanpoko jokalariendako. Barrura ondo jokatzen du, baina kantxako edozein eremutik jaurtitzeko daukan ahalmena (sekulako abiaduraz gainera) da bere bertute nagusia. Boladaka ibiltzen dena, baina bero dagoenean geldiezina. %51’4koa biko jaurtiketetan, %42koa hirukoetan eta %92koa jaurtiketa libretan… zenbaki benetan bikainak, entrenatzaile guztiek eduki nahiko luketen bizitza asegurua.

Eta taldeko gainontzeko jokalariek kantxara irteten dutenean nota onarekin amaitzen dute, eta hori da taldea horren goian ikusteko sekretu nagusia.

Sammic-ek ilusioz gainezka egingo dio aurre partidari, sailkapenaren goiko aldean egon nahi badu aurrera atera behar duen azterketa dela jakitun. Taldeak badaki kontzentrazio maila itzela izan behar dela eta segundo bakoitzean gogotik egin beharko duela lan. Marciusen eta Sempleren bolada ona ez da nahikoa izango igandean, eta kanpoko jokalariek asko hobetu beharko dute pasa den astean Torremolinosen egindako lana. Igandean, inoiz baino gehiago, Sammic-ek talde bat izan behar du.

Gure zaleak inoiz baino gehiago egon behar dira taldearekin. Harmailetako bultzada ezinbestekoa izango da partida aurrera atera ahal izateko eta hori dela eta “sarrera agortuak” kartela jarri beharra daukagu takiletan, eta Azpeitiko kiroldegia infernu bero-bero batean bihurtu. Bigarren postua dago jokoan eta euskal talde onenaren titulua ere bai.

Galdu ezin dezakezun partida…, behar zaitugu!!!

Egurre Sammic!!!! / Egurre Iraurgi!!!!