Ez dago adiorik

img
Eskerrik asko neskak!!!

Añares Rioja ISBk ezin izan dio garaipen batekin agur esan Emakumezkoen Lehen Mailako azken partidari. IDK Gipuzkoa nagusi izan da, batez ere azken laurdenean (75-53).

Udan ametsa ematen zuena errealitate bihurtu zen hilabete batzuk beranduago. Iraurgik Emakumezkoen Lehen Mailan jokatu ahal izan du historian lehen aldiz. Etxeko 9 jokalarirekin zorakeri baten moduan hasi zena, lehiaketa eta lehiatzeko gogo bilakatu zen. Denbora aurrera joan ahala taldea onenen mailan jartzeko gauza izan zen eta garaipenak ere iritsi ziren. Zaila izango da esperientzia errepikatzea baina hurrengo urtera begira neskentzat, Azpeitiko eta Azkoitiko neska hauentzat, sekulako lezioa izan da denboraldi honetakoa. Ezin izan da garaipenarekin amaitu, horren nahia egon arren, IDK Gipuzkoa nagusi izan delako, baina zaleen txalo zaparrada eta animoak ez zaizkie faltako neska hauei.
Erritmo bizian hasi da partida, prezipitazioak eta jokaldi onak tartekatuz alde batean eta bestean. Bi taldeak korrika egiteari uko egin gabe, zaleei ahalik eta ikuskizun politena eman nahian. Hori bai, falta asko alde batean eta bestean eta jokalari garrantzitsuek aulkirako bidea laster hartu behar izan dute gainera. Donostiarrak finago ibili dira jaurtiketa libreen marratik eta horri esker 18 eta 13 amaitu dute aurretik lehen laurdena.
Bigarrenean antzera ibili dira, alde batera eta bestera joan da jokoa, batzuek jo eta besteek erantzun. Eroso zebilen baina IDK 5-7 puntuko abantaila lortuta. Roselis ito nahian zebiltzan eta venezuelarrak ezin izan du ia baloirik ukitu. Beste aldean Bravard faltekin arazoak edukitzen hasi da eta Davydovak puntuak bildu ditu, baina aulkitik irtendakoek ere zer esana eman nahi zutela eta Arroyo hiruko marratik asmatzen hasi da eta etxekoek alde egin dute markagailuan. 12 gora ere ibili dira donostiarrak baina azken segundoan Garazik lortutako hiruko bati esker 37 eta 28 joan dira aldageletara.
Hirugarren laurdenean gaur agurra zuen Arantxa Novoren magia agertzen hasi da. Saskibaloia utziko du eta Donostian asko botako dute faltan, gaur ere bere garrantzia noraino heltzen den erakutsi du (partidako MVP-a beste behin, agurrerako ez dago gaizki). Markovicek eman dio erantzuna hasiera batean, Roselis ere agertzen hasi da gutxika, nahiz eta Houtsek itotzen jarraitu duen. Egia esan joko antolatzaile amerikarrak egundoko lana egin du gaur; defentsan Roselis estu hartu eta bere jokoa desagerrarazteaz gain, erasoan ere berea eman duelako (13 puntu eta 15eko balorazioa). Lopez Bravo epailea ere agertu da Añaresen kontrako teknika bat adierazteko. Hala ere, borrokan jarraitu dute Joseba Lizarralderen neskek eta 10 behera bakarrik amaitu dute hirugarren laurdena: 54-44.
Azken laurdenean nola edo hala ahalegindu da Añares diferentzia murrizten, baina Roselisek ez du asmatu, jaurtiketetan eskas ibiltzeaz gain baloi askotxo galdu ditu, Markovic hirukoekin tematu da eta beste aldean Novo-Houts bikoteak aprobetxatu egin du azken labankada emateko Iraurgiri. Azkenean gehiegizko kastigua jasotzen amaitu du Añares Rioja ISBk: 75 eta 53.
Emakumezkoen Lehen Mailan lehiatzeko ametsa, taldeak errealitate egin duena, amaitu da azkenean. Datorren urtean LF2n jarraituko du gure proiektuak. Baina ez dago adiorik, gero arte bat baizik. Kantxetan elkar ikusten jarraituko dugu.
Eskerrik asko eta EGURRE ISB!!
Saskiratzaileak: (18-13/19-15/17-16/21-9)
IDK GIPUZKOA: Bravard (14), Novo (11), Aduriz (6), Houts (13), Mieloszynsak-Zwolak (4) – Iparragirre, Arroyo (15), Gonzalez (1), Olabarria (5), Foraste (6).
AÑARES RIOJA ISB: Bereziartu (3), Zubizarreta, Davydova (21), Silva (4), Markovic (13) – Arregi (6), Lizarazu (2), Astigarraga (2), Gurrutxaga (2).