Hori da sufrikarioa!!

img

Errotaundi ISBk 35 eta 47 irabazi zion etxetik kanpo Astigarragako Mundarro La Salleri.

Hori da hori sufritzea. Normalean horrela pentsatzen da gauzaren bat lortzeko egundoko esfortzua egin behar izan duzunean. Eta Astigarragako kiroldegian pasa den asteko larunbatean gertatutako kontatzeko ederki balio du esamolde horrek. Jokalariek egindako esfortzuak izerdi asko eragin zuen, jokalariren batek Hernaniko anbulategian amaitu zuen partida ostean odoletan eta partida ikusi zutenek ikuskizunarekin malkotan amaitu ahal izan zuten. izan ere, partida emozio puntu bat eduki bazuen ere, hutsez huts ibili ziren bi taldeak hasi eta buka.

Egia esan esfortzurik egin ez izana ezin zaio inori aurpegiratu. Eta kirol lehia baten barruan gainera, bi taldeek zuten guztia eman zuten epaileek larunbatean jarritako langaren azpitik, agian altuegi jarritako langa.

Lehen laurdena 10 eta 4 amaitu zen, ez dago esateko askorik. La Sallek Errotaundik baino pixka bat gehiago asmatu zuen. Bigarren laurdenean saskibaloi partida batek erakutsi behar dituen zifretatik gertuago ibili ziren, Iraurgik sartu zituen 19 puntuak adierazten duten moduan. Laurdena ez zen ondo hasi, La Sallek alde egin baitzuen markagailuan 18 eta 11 (14. minutuan), eta partidak zeraman saskiratze kopurua ikusita ez zen lasai ibiltzeko modukoa.kanpokoek eskatutako hutsarte baten ondoren taldea defentsan lanean hasi zen eta kontzentrazioak ere gora egin zuen. berreskuratutako baloi batzuk ahalbidetutako saskiratze errazei esker lortutako 2 eta 12ko partzialak atsedenaldirako abantaila txiki bat eman zion Errotaundiri (20-23).

Atsedenaldiaren ondoren erasoko trabatzea bueltatu zen. 9 eta 8ko partziala etxekoendako eta 29 eta 31 laurden amaieran, dena erabakitzeke. Azken laurdeneko aurreneko bost minutuetan La Sallek 2 puntu bakarrik eskuratu zituen eta Errotaundik aprobetxatu egin zuen bere abantaila 9 puntura arte zabaltzeko (31-40, 35. minutuan). Hortik eta amaiera arte kanpokoek markagailuan aurretik segitzea lortu zuten 35 eta 47ko azken emaitzarekin amaitzeraino.

Bi asteburutan jai izango dute orain eta Errotaundi ISBren hurrengo aurkaria sailkapeneko aurreneko postuan den Arri BKL izango da. Partida igandean, apirilak 10, jokatuko da arratsaldeko bostetan Azpeitian.