Roselis Silva fase erregularreko balizko bostekoan

img

Joko antolatzaile venezuelarra ligako ezusteetako bat izan da eta baita jokalari baloratuenetako bat ere.

Ez dago dudarik Añares Rioja ISBk asmatu zuela Roselis Silvaren fitxaketarekin. Joseba Lizarraldek aipatu izan du, udan Venezuelako selekzioarekin Euskadiren aurka jokatzen ikuzi zuenean bere taldearentzat jokalari aproposa izan zitekeela pentsatu zuela, eta baita asmatu ere, taldeko jokalari baloratuena izateaz gain, ligan zer esan handienetakoa eman zuen jokalaria izan delako.

Adaptaziorako jardunaldi batzuk behar izan zituen arren, bere mailarik onenera iritsi zen Gabonak iritsi aurretik. Guztien ahotan egon zen orduan eta asteko bostekoan behin baino gehiagotan ikusi genuen. Gerora Venezuelara joan behar izan zuen eta arazo burokratikoak tarteko uste baino beranduago bueltatu zen zeukan txinparta hori galduta. Hala ere, taldeak lortu zituen bi garaipenetan berebiziko garrantzia eduki zuen eta denboraldia amaitu arte jokalari onenen zerrendan jarraitzea lortu du.

Bere zenbakiei so eginez gero behintzat logikoena litzateke, estatuko ligan jarraitzeko apustua egiten badu behintzat, taula erditik gorako talde batean aurkitzea datorren denboraldian. Aurten: 36:19 minutu kantxan eman ditu bataz beste, 15’9 puntu sartu ditu partidako (%41 jaurtiketetan), 4’9 errebote eskuratu ditu, 3’3 asistentzia banatu ditu, 4’5 baloi berreskuratu eta 4’2 falta jaso ditu partidako. Guztira 16’4ko balorazioa lortu du bataz beste. Gauzak horrela, ligako aurrena amaitu du baloiak berreskuratzerako orduan, seigarren saskiratzaile nagusien rankingean eta zortzigarren jokalari baloratuenen zerrendan.

Guzti hau kontutan hartuta eta Fase erregularreko balizko bosteko onena egingo bagenu, Añares Rioja ISBko joko antolatzailea bertan aurkituko genuke, Paola Ferrari, Lyndra Weaver, Adaora Elonu eta Talia Caldwellekin batera.

Zorionak Roselis eta Zorte On zure ibilbide berrian!