3.213 pertsona bataz beste Añaresen partidetan FEBtvn

img

Espainiako Federazioren atarian eman diren Iraurgi SBko Emakumezkoen Lehen Mailako taldearen 22 partidek 70.669 ikusle erakarri dituzte guztira.

Azpeitiko kiroldegia partidaz partida ia beteta ikustea sekulako gozamena izan da Añares Rioja ISBko jokalari eta Iraurgi SBko familia guztiarendako. Ez da erraza, 15 egunetik behin 700 lagun elkartzea kirol ikuskizun batean Azpeitia + Azkoitia bezalako bi herrirentzako (are gutxiago, kontutan hartuta Sammic-ek ere jokatzen duela eta beraz, astero-astero litzatekeela).

Baina zorionez, ez da hor gelditu kontua. Espainiako Saskibaloi Federazioak streaming bitartez (internetez), laugarren jardunalditik aurrera, partidak zuzenean ikusteko aukera eman zuenetik ez dira gutxi izan ordenagailu aurrean jarri direnak gure taldearen nondik norakoak jarraitzeko. Zuzenean eskaini diren 22 partidetan, guztira 70.669 ikusle batu direla esaten dute Federazioko datuek, hau da, bataz beste 3.213 pertsona partidako. Kontutan hartu behar da, datu hauek ordenagailu edo IP bakoitzeko hartzen direla kontutan eta beraz, balitekeela berez, pertsona gehiagok ikusi ahal izatea partida horiek. Hala ere, ez da zifra makala.

Ikusle kopuru handiena bildu duen partidari dagokionez, 9. Jardunaldian Añaresek Bembibreren aurka etxean jokatu zuenekoa izan zen: 7.199 ikusle bildu ziren guztira partida ikusteko FEBtv atariaren bitartez. Ikusle gutxien bildu zituena berriz, orain gutxi jokatu zen Añares-Gernika derbya: 659 ikusle besterik ez. Egia esan, asteazken batean jokatzea eta arratsaldeko zazpietan ez zuen gehiegi lagunduko, baina Azkoitiko kiroldegia nola goraino bete zen ikusteaz arro sentitzen da kluba. Bi partida berezi ere egon dira denboraldi honetan Añares Rioja ISBrentzat, taldeak lorturiko bi garaipenak hain zuzen ere. Horietako lehena Uni Ferrol-en aurka lortutakoa izan zen eta 1.932 ikusle eduki zituen (hau ere asteazkenean jokatu zen), eta bigarrena, Bembibren, Leonen eskuratutakoak 4.806 ikusle batu zituen ordenagailu aurrean.

Datorren urtean Emakumezkoen Bigarren mailan jokatuko du Iraurgik. Ia orduan ere horrenbeste ikusle batzerik daukan.