Tenplarioen aurkako lehia

img

Nahiz eta Grial Santua dagoeneko ezin zaien kendu, Sammic-ek argi dauka Marineko Tenplarioek larunbatean bataila galduko dutela Azpeitian. Garaipen batek azken jardunaldira bigarren helburua lortuta iristea ahalbidetuko liguke: kanporaketa guztietan kantxa faktorea alde edukitzea.

Peixegalego talderik konstanteena eta serioena izan da txapelketan. Motorrak topera jartzea kosta egin zitzaien, baina 15. Jardunalditik lidergoan dira, aurreko astean Urrezko Leb ligara igoera baieztatu zuten, eta ez dute lasaitzeko asmorik. Galiziarrek lehiatzeko orduan onenak izan direla erakutsi dute eta horren kulpa handia dauka Javier Llorentek.

Javonte Green eskolta amerikarra izan da denboraldiko ezusteko handienetako bat, eta igoeraren errudun handienetako bat dugu bera. Jokalari leherkorra, sekulako talentu eta kalitatea daukana, eta normala den moduan guztien ahotan dago gaur egun. Gainera, bere zenbakiek dioten moduan, sekulako erregulartasuna erakutsi du: 17 puntu, 6’8 errebote, 2’3 baloi berreskuratu eta 21’4ko balorazioa.

Antony Rogers izan da Javonteren dantza kidea.Eskolta amerikarrak asko hobetu ditu iazko denboraldiko zenbakiak eta klubak bertan jarrai zezan egindako esfortzu handiari ondo erantzun dio. 18’4 puntu, 2’6 errebote, 2’9 asistentzia eta 16’3ko balorazioa izan dira bere zenbakiak orain arte.

Iraurgi zaleek ondo baino hobeto ezagutzen duten Antonio Pantin da Marineko hirugarren zutabea. Pibota da taldeko erreferentzia nagusia barruko jokoan. Palma Air Europarekin Urrezko Leb ligara igoera lortu eta gero, galiziarra bere herrialdera itzuli da Peixerekin ere igoera lortzeko. 13’7 puntu, 7 errebote eta 16’6ko balorazioa.

Baina ezin dugu ahaztu talde honetako “bigarren mailako” jokalariak ere oso garrantzitsuak direla, protagonista nagusiak finegi ez daudenean edozein partida eraldatzeko kapaz direnak. Navajas, Adón, Ferreiro, Rey… talde askok euren jokalari zerrendan nahiko lituzketen jokalariak dira. Talderik erregularrena izan da eta gainera saskibaloi ona eginez, 11 garaipen erreskadan lortzea ez dago denen esku eta beraiek eskuratu dituzte.

Sammic ere bolada onean dago. Taldea joko maila altua izatera iritsi da eta gainera nahikoa erregular izaten ari da. Sandik eta Jordanek erasoan azken aldian egin dutena aurkariak beldurtzeko modukoa da. Kanpoko jokalarien produkzioa ere hazten ari da azken asteetan. Nahiz eta zenbakiak ez diren ikusgarriak Guridik, Arenazak, Orozek eta Maizak aurrerapausoa eman dute erasoan eta gainera momentu erabakigarrietan azaltzen hasi dira.

Kanporaketa guztietan kantxa faktorea alde edukitzeko garaipen bakarraren faltan gaude. Aste honetan amaitzen da fase erregularra Azpeitian… garaipen hori batzeko momentu ezin hobea.

Playoffak ate joka ditugu, baina ezin dugu iparra galdu. Taldea kanporaketetara ahalik eta hobeen iristeko bi partida gelditzen zaizkigu hazten jarraitzeko. Kontzentrazioa, diziplina eta anbizioa izan behar dute larunbaterako (19:00tan) gure armak.

Gure zaleak lagun izango ditugu, harmailak beteko dituzte eta gure mutilek behar duten bultzada jasoko dute euren partetik. Inoiz baino gehiago egon behar dugu taldearekin denboraldiaren momentu honetan.

Gure mutilak Iraurgiren historiaren liburuan beste kapitulu potolo bat idazten ari dira eta pena litzateke “ni hor egon nintzen” ezin esan ahal izatea.

Egurre Sammic!!!!

Egurre Iraurgi!!!!